Bost ardatz ditu datorren martxoaren 8rako deitu duten greba feministak, alor eta giza talde ezberdinak gogoan hartuz. Nagusiki, hiru alorretan eragin nahi dute: zaintzan, enpleguan eta kontsumoan. Eta, bereziki, bi gizatalde gogoan hartu nahi dituzte: pentsiodunak eta ikasleak. Deitzaileek egun hauetan Andoainen zabaldu duten eskuorrian aipatzen dutenez, zapalkuntza ezberdinei aurre egin nahi diete: "Greba feministak bizitzako esparru guztiei aurre egingo die: Indarkeriari, parekidetasun ezari, prekaritateari, sexualitate eredu hegemonikoei, lanaren sexuaren araberako banaketari, kontsumo ereduari, familia patriarkalari, jakintzen hierarkizazioari, arrazakeriari, edertasun kanonari eta zapalkuntza guztiei".
Eskuorriarekin batera, osagarri modura, afitxa banatu dute. Eta bertan 'Zein da gizonen papera greba feministan?' galderari erantzuna ematen saiatzen dira: "Gizona bazara zaintza lanez arduratzea da lehentasuna, eta ez mobilizazioetan parte hartzea. Greba feminista babesten ari bazara, zure lekua etxeko eta zaintza lanetan dago".
Hitzordu nagusiak greba egunean
Martxoak 7, osteguna:
19:00 Pintxopote musikala, Goiko plazatik Zumea plazara.
Grebarako deialdia luzatu, informazioa banatu eta txapak salduko dituzte.
Martxoak 8, ostirala:
09:00 Kotxe karabana Makaldegitik.
11:30 Manifestazioa Goikoplazatik.
14:30 'Emakumeon* bazkari autogestionatua' Juanita Alkain plazan. Mahaiak eta aulkiak ipiniko dira. Baina janaria eta edaria norberaren esku. Bazkalostean mikro irekia: musika, olerkiak, monologoak…
19:00 Manifestazioa Donostian, "Heteropatriarkatu kapitalistari planto! Bizitzak erdigunera!" lemapean. Andoaindik trenez joateko ordutegia: 18:18 eta 18:32.