Gaztea Maketa Lehiaketan aurkeztu dituzte bigarren diskako hiru kantu. Martxoaren 13tik 20ra botoa emateko aukera izango da.
Nola definituko zenukete bigarren diskoa?
Aimar Urruzuno: Nahiko zintzoa esango nuke. Urte gorabeheratsua eduki dugu bikoteekin, lagunekin, lanarekin… Lehenengo diskoarekin alderatuz gero badago ezberdintasuna, bai estiloan eta baita erritmoan ere. Autoekoiztua denez, ordu asko sartu behar izan dugu. Abuztuan hasi eta urtarrilean amaitu genuen. Neketsua izan da prozesua.
Gustura geratu al zarete lortutako emaitzarekin?
Ruben Rekene: Badaude gauzatxo batzuk, baina orokorrean baietz esango nuke.
Aimar Urruzuno: Diskoa grabatzen denerako oso atzean geratzen da lehen abestia. Prozesua amaitzerako jada bestelako proiektuak ditugu buruan.
Ane, taldean sartu berria zara...
Ane Chaparro: Bai, eta hasieratik oso konexio ona lortu dugu elkarren artean. Urria hasieran batu nintzen taldera. Pausu garrantzitsuak ematen ari ziren orduan, diskoaren azken ukituak. Jauzia eman du taldeak, beste norabide batean goaz. Indar eta gogo askorekin gaude, proiektu ezberdinak egiteko gogotsu.
Gure kontzertuak ikustera etorri direnek adierazi digutenez, zuzenean diskoan baino itxura hobea dute abestiek. Jendea gu entzutera animatu nahi ditut.
Interneten Dukkha idatzi eta termino ezkorrak ageri dira, hala nola desilusioa, atsekabea, sufrimendua...
Ruben Rekene: Guztiak negatiboak.
Aimar Urruzuno: Budismoan aipatzen denez, mundu fisikoan guztiak zama suposatzen digu. Hobekuntza bide horretan yoga edota meditazioa daude.
Zeukin bat datorren adiera al da?
Aimar Urruzuno: Ikusita bigarren diskoa egitea zenbait kosta zaigun ez nuke baztertuko [kar, kar, kar].
Diskoaren azaleko irudia zuek egina al da?
Ruben Rekene: Nik egin dut. Betidanik gustuko izan dut diseinuaren mundua. Lehenengo diskoa eta gero, bigarrena zerbait artistikoa izatea nahi genuen.
Aimar Urruzuno: Diskoaren izena “Jainko berriak (des)eraikiz" da, eta diskan ez da aurkitzen izenburu hori daraman abestirik. Labur esanda, pertsonaren eraikuntza zein puntutaraino den erreala eta zenbateraino erabakitzen duen norberak... esanahi horien inguruan hausnarketa sortzea izan da gure helburua.
Non eskainiko dituzue kontzertuak?
Aimar Urruzuno: Martxoaren 22an Aizarnazabalgo gaztetxean, eta apirilaren 6an Bergarako Gaztetxean.