Aurten omenduko dituzten herrikideen izenak aditzera eman zituzten Basteroko erakusketa gelan. Jone Larrañaga kazetariak gidatutako aurkezpen ekitaldian, omenduek euren bizipenak kontatzeko aukera izan zuten. Hunkigarria izan zen hainbat kasutan, bizitzan aurrera egiteko erakutsi duten kemenagatik.
Maria Lazaro eta Paula Nogales
Seme-alaba ugariko familiak aurrera ateratzeko egundoko ahaleginak egindako bi emakume dira. Maria Lazarok bere testigantza latza eman zuen ekitaldian; modu gordinean hitz egin zuen, bizipen pertsonalak aipatuz: “Salamancatik 17 urterekin heldu nintzen. Donostian etxe batean zerbitzen aritu nintzen lehenbizi, eta gerora, nire seme-alaben aita izango zena ezagutu nuen. Hil zen arte, ederki mikaztu zidan bizitza! 15 urtetan hamaika seme-alaba eduki nituen, eta aparte, abortu bat. Prostituta baten antzera jokatzera derrigortzen ninduen, eta pelikuletan bezala, iletatik arrastaka ibiltzen ninduen; bere bizioetan xahutzeko dirurik ez banuen eramaten etxera, jipoitu egiten ninduen. Senarrari ahotsa altxatzerik ezin zeneko garaiak ziren haiek... Dibortzioaren legea atera bezain pronto, hamaika umeak hartu eta etxetik ihes egin nuen. Oso mendekaria zen gizona, eta batzuetan bidean zelatan edukitzen nuen; horrela, hil zen arte. Miraria izan da ni bizirik irtetea. Urteetan nahiko bizimodu tristea bizitzea egokitu izan zait: egunez etxeetan garbiketa lanak egiten, eta gero arratsaldeetan, txatarra eta kartoia biltzen, baldin eta umeek hurrengo egunean ogia jateko edukiko bazuten.
Inori ez diot opa nik sufritu dudana, eta etxean antzeko panorama daukan edonori esango nioke kitto esateko agudo batean. Ez du merezi hala bizitzerik! Indarrak bildu, eta zaila zen erabakia hartu nuen behingo batean. Igaro dira garai makur horiek, lasaiago bizi naiz baina betirako geratu zait nerbioak ezin baretuaren gaitza. Ni bezalako jendeari aitormen publikoak egiten zaizkie gaur egun, eta horrek asko pozten nau”.
Yolanda Canora
Andoaingo udaltzaina. Duela berrogei urte egin zen udaltzain; aitzindaria izatea egokitu zitzaion, aurreiritzi ugari eta froga gogorrak gainditu ostean: “Zarautzen ikusi nuen lehen emakume udaltzaina, eta orduan konturatu nintzen posible zela. Andoaingo Udalak lan eskaintza zabaldu, izena eman eta plaza atera nuen. Oraindik, gizonezkoen lanpostutzat ikusten da lanbide hori".
Andoaingo Musika Banda Errepublikanoko emakumeak
Bandan gehiengoa osatzen dute, eta musikaren bitartez, Errepublikan eta frankismoan zehar beren eskubideen alde borroka egin zuten emakumeen oroitzapena plazaratzen dute. Arantzak eta Elik hartu zuten hitza, taldearen izenean: “Kantari arituz, emakumeen historia aldarrikatzen saiatzen gara. Garai sozio-politiko gogorra bizitu zuten gure aurreko askok. Gure amonek borroka egin zuten bere garaian, eta haiei esker, esaterako, Errepublikan lortu zuten bozkarako eskubidea, edota, goi mailako eskoletara joan ahal izatea magisteritza eta beste ikasketak egiteko... Gero, 1936ko kolpe militarrak dena pikutara bidali zuen. Guk etxean amonekin ikasi eta kantatu ditugun abestiak plazara eramaten ditugu urtero, apirilaren 14a egiten den omenaldi ekitaldian”.
Eskopeteroa da, Santa Krutz jaietan lehen emakumea: “2011ko maiatzaren 2an, lagun batek galdetu zidan ea zein orduetan irteten ziren eskopeteroak. Aitari galdera egin; hark esan zidan hurrengo urtean neuk atera beharko nuela. Eta aurten, zergatik ez?, galdera eginez erantzun nion nik. Aldamenean zegoen amak, orduan, agindua eman zidan: Bada, orduan etxera, parrandarik egin gabe. Irusta kapitainak ere ondo ikusi zuen aldaketa. Neurri batean, gizonek gonbidatu ninduten parte hartzera eta eskertzen da hori”.
Julia Corbo Bonilla
Ambrosia Olabideko jubilatuen tabernako langilea da. Uruguaiarra jaiotzez: “Hamabi urte dira Andoainera heldu nintzela, sei bat hilabete egingo nituela pentsatuz. Baina maitemindu egin nintzen Andoaingo herriarekin, eta bertan geratzea erabaki nuen. Uruguain emakumeen inguruko lan sozialak egin izan nituen, eta nahiko ondo ezagutzen dut emakumea izate hutsagatik maiz jasan behar izaten den bazterkeria. Euskal Herrira etorri aurretik, Mallorcan emakume emigrante asko gertu-gertutik ezagutu nituen. Oso egoera zailean bizi ziren".
Izaskun Jauregi
Urteak daramatza Allurralde kiroldegiko gimnasia eta igeriketako ikastaroetako irakasle gisa; aldi berean, emakume korrikalari egitasmoaren gidaritza darama azken urteetan. “Emakumeei bideratutako ikastaroak zuzentzea egokitu izan zait kiroldegian, eta horri esker konturatu naiz kirolak zenbat balio duen emakumea ahalduntzeko. Aktibitate fisikoa egiteaz gain, emakumeak emakumeekin biltzen eta elkarrekin gauzak egiten laguntzen du. Onura fisikoak eta sikologikoak eragiten dituela kirolak, alegia. Emakume batzuk igual ez dira animatzen bakarrik aritzera, baina batuta errazago ematen dute pausoa.
Emakume korrikalaria egitasmoa sortu zenean, egundoko poza hartu nuen talde hura zuzentzeko ni aukeratu nindutelako. Ikasturte honetan 17 emakume daude izena emanda. Denetik dago horien artean; tartean badira korrika egiteko oinetakorik inoiz jantzi ez zutenak. Bilakaera bizi izan dute astez aste, eta egun, maratoirako ere ari dira prestatzen”.
Asun Garcia “Txonci”
Distrofia muskularra jasaten du, baina bizitzari kementsu aurre egiten dion emakumea da. “Hunkitu nintzen izendapenaren berri emateko deitu zidatenean. Ez nuen espero. Harrotzeko moduko gauza da besteek ni emakume borrokalaritzat hartzea. Bizitzari aurpegirik alaiena erakusten saiatzen naiz. Orain 17 urtetik hona jasaten dut gaixotasuna; nire semea jaio eta berehala egin zidaten diagnostikoa, gaixotasun arraro horietakoa pairatzen nuela eta ez zeukala tratamendu jakinik. Urte eta erdiko semea edukita, erabaki nuen ezin nintzela lur jota geratu eta bizitzari filosofia baikorraz egin behar niola aurre. Eta halaxe jardun dut, noizean behin gora beherak eduki arren. Sufrimendu motaren bat duen orok, antzera jokatu beharko luke. Alderdi itxaropentsuei helduz, eta ezkorrenak baztertuz”.
Ane eta Edurne gazteak
Aldarrikapen feministak kaleratzen urteak daraman Andoaingo asanblada feministako bi kide dira: “Asanbladaren izenean gatoz. Gu biok ikastolan hasi ginen emakumeen aldeko proiektu txikiak garatzen. Iazko ikasturte amaieran herri mailan zerbait gehiago egin behar genuela pentsatu genuen, ekimen zabalagoren bat gizarte osora iristeko asmoz. Era horretan, Andoainen martxan zegoen emakumeen asanbladan integratu ginen. Lehen unetik, lan dinamika polita igarri dugu taldean: ideiak eta kemena gainezka daude ekimenak aurrera eramateko (antzerkia, manifak...). Asanblada adin askotako jendearen bilgunea da, eta esan dezakegu gu gazteenak izanik, hasieratik helduagoen babesa eduki dugula. Ederra da zein natural garatzen den belaunaldien artekotasun hori. Denok berdinak sentitzen gara, ez gazteago ezta zaharrago ere. Azken aldian martxoaren 8ko ekitaldi sortaren inguruan antolaketa lanetan ari gara buru belarri”.