Maite Peña Foru Diputatuak iragarri zuenez, Urnietako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Urnietan adinekoentzat 120 plaza edukiko dituen egoitza eraikitzea adostu dute. “Horretarako, Udalak Aldundiari lur sail bat lagatuko dio. Egia da, egun, itxaron zerrendaren ikuspuntutik Urnietan ez dagoela behar handirik; bai, ordea, Beterri-Buruntza eskualdeko beste herrietan”.
Peñak adierazi zuen bi erakundeek lortu duten akordioa lehengo pausoa izan dela, eta jarraian gehiago etorriko direla egoitza berria errealitate bihurtu arte. Gure gizartea zahartzen ari dela, eta zahartzaro prozesu horri aurre egiteko Adinberri izeneko estrategia integrala bideratu du Aldundiak: “Estrategia horren baitan, etxean ematen dugun arreta guztia indartu nahi da, batez ere adinekoen pertsonek beraien etxean egon nahi dutelako. Baina hori posible ez bada, etxean bezala bizi daitezen lortu behar da. Alde horretatik, legealdi honetan 361 plaza zabaldu ditugu jada, eta aurreikusita dagoenez, etorkizunean 446 plaza gehiago zabalduko dira”.
Mikel Pagolak adierazi zuen 2020. urtea amaitu baino lehen lagatuko diola Udalak Aldundiari eraikina egiteko lur zorua. Aldundiak erakutsi duen jarrera irekia goraipatu zuen Pagolak. “Urnietari ez ezik, eskualde guztiari egingo dio mesede azpiegitura berri horrek, gaur egun dagoen itxarote zerrenda arintzen lagunduko duelako”.
Lankidetza hitzarmen ugari sinatu dituzte azken aldian
Adineko pertsonei eskaintzen zaien tutoritzapeko etxebizitza zerbitzua hobetzeko pisu berriak egingo ditu Aldundiak. Gaur egun, Urnietako Udalak Idiazabal 46-48 kalean eskaintzen du zerbitzua, baina etorkizunean instalakuntzak Etxeberri plazara eramango dituzte. Etorkizuneko egitasmo hori bermatzeko Udalak eta Aldundiak protokoloa sinatu dute.
Bestalde, Anbulatorio zaharrean dagoen Denda Berri zahar egoitza eraberrituko dutela iragarri dute. Obraren lehenen zatian eraikinaren aurreko partean esku-hartuko da, isolamendu termikoa jarriz eta uren filtrazioak deuseztatuz. Aldundiak 450.000 euroko ekarpena egingo du. Obraren bigarren zatian barrualdeko esku-hartze integrala egingo dute.