Toki ezin hobean dago denda, Idiazabal kaleko 32. zenbakian, eta gizartea ere gero eta arduratuago omen dago osasun eta produktu biologikoekin. Maialenek lan orduak pixka bat murrizteko erabakia ere hartu du, bezeroak osasuntsuago zaintzeko.
Nor da Maddalen Estarloa?
27 urteko hernaniarra, nutrizionista. Gasteizen egin nituen ikasketak, ondoren gradua eta master bat ere bai, kirol elikaduran, on line bidez. Realean praktikak egin nituen. Hainbat belar dendatan ere trebatu nintzen, Tolosako Gorrotxategi belar dendan, besteak beste, eta halako batean, Urnietan negozio hau eskuz aldatzen zela jakin nuen, eta informazioa jaso nuen.
Itxura ona hartu, animatu, eta horrela hasi nintzen. Ikasle nintzela, nire aurreikuspenen artean ez zegoen jendaurrean lan egitearena, baino horretan bukatu dut, oraingoz. Dagoeneko hiru urte bete dira erabaki hori hartu nuenetik.
Garbi zeneukan gaztetan nutrizionista izan nahi zenuela?
Ez, egia esan. Txikitatik elikaduraren kontua asko zaintzeko joera izan dut. Gurasoek hori transmititu izan didate, eta haiek gaixotzen zirenean, haiek sendatzeko grina, interesa sortzen zitzaidan. Hortik sortu zitzaidan lanbide honetan murgiltzeko arra.
Kirol elikadurako master-a egin nuen, baina gaixotasunen jatorriek-eta asko erakartzen naute.
Pozik zaude duela hiru urte hartu zenuen erabakiarekin?
Bai, gustura nago. Azkar hartu nuen negozioa nire gain hartzeko erabakia, eta hiru astetan denda berriro martxan zegoen. Bere alde onak eta txarrak ditu, jakina, baina gustura nago. Ordu asko dira dendan, baina orain dela gutxi asteko goiz pare batean ordu batzuetako librantza egiten hasi naiz, eta horrek lanera bueltatzeko kemen handiagoa ematen dit.
Zer zenekien Urnietari buruz, etorri aurretik?
Batez ere jaioterrian ez nuela lanik egin nahi. Urnieta Hernanitik gertu dago, eta Urnieta lanarekin lotzen dudan moduan, Hernani aisiarekin lotzen dut.
Zer da zure jardunetik gehien gustatzen zaizuna, eta zer gutxien atsegin duzuna?
Gustukoena, jendaurreko lanak ni neu ezagutzeko balio izan didala, lehen esan bezala, txikitan amari askotan esaten niolako ez nintzela jendaurreko jardun batean murgilduko. Bezeroari irribarre batekin entzutea erraza egiten zait, elkarrizketa bat edukitzea bezala. Jendeari laguntza eskaintzen diodan neurrian ni neu ere asko
aberasten ari naiz bezeroen interakzioarekin, eta horrek ez du preziorik. Txanponaren bestaldean, ba ordu asko egiten ditudala lanean. Zure negozioa den neurrian, buruhauste handiak sor daitezke, baina tira, egunean egunekoa bizitzeko joera dut, eta gaur Urnietan nago, eta oso gustura. Gero-gerokoak.
Ze harrera sentitu duzu urnietarren aldetik?
Oso jende ona ezagutu dut. Ez didate inolako arazo edo trabarik jarri, inork, eta oso kontent nago.
Ziur aski herrian jende gehien pasatzen den tokian daukazu belar denda.
Gertatu izan zait denda aurretik askotan pasa, belar denda bat zegoela jabetu ez, halako batean jabetu, sartu, eta zer gertatu zaion azaldu didan jendea. Herritar asko pasatzen da hemendik, bai. Zaldundegi dela, Etxaniz burdindegia, ikastolarako bidea, autobus geltoka… Mugimendu handia dago.
Izena nola erabaki zenuen?
Zeukana uztea erabaki nuen. Osane gaztelaniaz “Remedios” omen da. Gustatu zitzaidan, eta jendeak denda izen horrekin identifikatzen duenez, halaxe uztea erabaki nuen.
Epe ertain edo luzean hemen ikusten al duzu zeure burua?
Bai, bai. Ez daukat aldatzeko batere arrazoirik.
Zure lanbidea ez da erraza izango. Jakinduria handia izan behar duzu bezeroari zer komeni zaion azaltzeko garaian. Alegia, hona hurbiltzen den bezeroa ez dela ogia erosi eta martxa egiten duen horietakoa.
Bai, bezeroari konfiantza ematea derrigorrezkoa da belar denda batean, osasunaz ari garelako. Nik neuk ere zalantzak izaten ditut sarri, baina zalantzak argitzen, edo jakintza aberasten laguntzen nauten naturopatak ezagutzen ditut.
Jende asko ikusten da dendan. Joera agerikoa da jendeari belar dendan saltzen dituzuen produktuak gero eta interes handiagoa pizten diotela.
Bai, guztiz. Ez dakit dena geroz eta kutsatuagoa daudelako den edo zergatik, baina supermerkatu handietan ere belar dendetan saltzen ditugun produktu biologikoak saltzen hasi dira, eta horrek eman den aldaketa ezin hobe azaltzen duela esango nuke. Ez urrun, ni bezalako jendea ginen arraroak, arto txikia edo bestelako produktuak kontsumitzen genituelako. Orain eguneroko kontua da, jende guztiak jaten du quinoa delakoa, olo esnea… Igual gehiegi arduratzen hasi gara gure osasunaz, baina tira…
Nolakoa da hurbiltzen zaizun ohiko bezeroa?
Gaztea, batez ere. Umeak dituen bikote gazte asko dago herrian. Herriko osasun zentroko Julia emaginak eta Geru erizainak ere zerikusi handia dute gazteek hartu duten joera horretan, produktu naturalak erabiltzeko aholkuak ematen dituztelako. Ama eta ume asko etortzen dira. Helduak ere etortzen dira, baina bikote gazteak euren umeekin, batez ere horiek.
Osane ez da belar denda soil bat, askoz zerbitzu gehiago eskaintzen dituzu.
Bai. Ordua hartuz hainbat aukera ematen ditugu. Javier akupuntore eta naturopata asteazkenero etortzen da, bi ostegunez behin nutrizionista bat etortzen da, Noelia, dieta kontsultak pasatzeko. Edurne masajista, Juankar kinesiologoa, Ahinitz elikadura makrobiotika aditua ere etortzen da, intolerantzia zein elikagairi diogun argitzeko eta beste…