Pozik eta ilusio handiz hartu du berria Etxaburua. Urteroko tradizioari jarraituz, gainera,berak jaurtiko du Andramari jaien hasierako suziria
Jaiotzez tolosarra da Alatzne Etxaburua, baina Zizurkilen bizi da 2008az geroztik. Adierazi duenez, "Zizurkilen aritu nintzen lehen aldiz segan, Zizurkilen lehiatu nuen nire lehen apustua, Zizurkilen jokatu ditut txapelketak... Niretzat esanahi handia duen herria da Zizurkil". Festa batzordeak erabaki du aurtengo Txapela eguneko txapela Etxaburuari ematea: "Herri-kirola maila gorenean utziz egin duen bidea eskertu nahi diogu". Horrez gain, herriko ekimenetan parte-hartzeko prest egoten dela gehitu dute, beti irribarretsu.
Kirol-ibilbide oparoa egin du Alatzne Etxaburuak. Otsailaren 13ko Kirol Federatuaren galan, herri-kirol munduan egindako ibilbidea aitortu zioten, sarituz. 2018an Emakumezkoen Euskadiko Sega Txapelketa irabazi zuen, 2017an Gipuzkoako Azkartasunezko Segan txapelduna izan zen eta beste hainbat lorpen ditu bizkarrean.
Txapel bakarra, izen asko
Festa batzordeari eskerrik beroenak eman nahi dizkio Etxaburuak. "Txapela niri eman didate, baina txapel hori merezi duen jende asko dago".
Etxekoei ere keinu bat egin nahi izan die, beti alboan egoteagatik. "Eskerrak eman Xanti Aizpurua nire senarrari beti alboan dagoelako. Eta bestetik, Igor Esnaolari entrenamendu guztietan hor egoteagatik, eta beti laguntzeagatik".
Egitaraua
16:00etan ekingo diote Txapela egunari, txapeldunen arteko mus partidarekin, Zentroan. 17:30ean Bukalai dantza taldeak emanaldia eskainiko du Intxaur pilotalekuan. 19:00etan emakumeen arteko herri-kirol saioa ospatuko da, Zimiterioan, eta ondoren trikipoteoa egingo dute herrigunean. Txapeldunen afaria 21:00etan izango da Plazaetxeberri jatetxean. Iazko txapelduna den Xabier Pellejerok jantziko dio txapela Alatzne Etxaburuari. Amaia Agirre eta Unai Mendizabal bertsolariek girotuko dute afalostea.
Bostekoa telebista saioa
ETB1 katean hasi berria den Bostekoa izeneko saioan ikusi dugu Etxaburua; Ibarra eta Tolosa herrien arteko lehian. Aitor Zubieta pilotari ohiak gidatzen du saioa eta Euskal Herriko Pentatloi Txapelketa du ardatz. Sokatiran, harri-jasotzen, txingan, trontzan eta giza-proban lehiatu beharko dira bi herriak. Ostegunero emitituko da saioa, 22:30ean.