El Salvadorrera eginiko bidaia iruditan

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Lasa 2019ko urt. 11a, 15:19
Asteasuko Udalean proiektatu zituzten bidaiako irudiak.

Azken urteetan hiru ikasleren ikasketak ordaindu dituzte Asteasun Gabonetan ospatzen den herri kros solidarioari esker.

Aiztondoko Udal ordezkariek azaroan El Salvadorrera eginiko bidaiaren nondik-norakoak azaltzeko hitzaldia antolatu zuten hilaren 3an Asteasuko Udalean. Hizlari lanetan aritu ziren Pili Legarra Asteasuko alkatea, Josu Amilibia Adunako alkatea, Eva Usandizaga Zizurkilgo zinegotzia eta Mikel Arrastoa Euskal Fondoako lehendakari ordea izandakoa. El Salvadorreko Segundo Montes komunitateak bizi duen egoera azaldu zuten, zenbait argazki eta bideo erakutsiz.

Gazteen ikasketak
Asteasun laugarren urtez ospatu berri da herri kros solidarioa, eta bertan lortutako dirua Segundo Montes komunitateko gazteen ikasketetara bideratuko da.  Azken urteetan hiru ikasleren ikasketak ordaindu dira krosean bildu duten diruarekin.

Urtero bost ikasleri ematen zaie ikasketak egiteko beka. Ikasle bakoitzeko, urtean 500 dolar jasotzen dituzte Aiztondotik. Mikel Arrastoa Zizurkilgo alkate izandakoak adierazi duenez, "aurten bost ikasletatik hiruk bukatu dituzte ikasketak".  Ikasleen graduazioan egoteko aukera izan zuten Aiztondoko Udal ordezkariek.  "Ikasle guztiak dotore-dotore jantzi ziren ospakizunerako", azpimarratu du Legarrak. Ingeniaritza zibilean eta turismoan graduatu ziren ikasleak.

Beka jasotzeko baldintzak
3 betekizun bete behar ditu ikasleak beka jasotzeko. Batetik, ikasketak burutzeko diru nahikorik ez edukitzea. Bigarrenik, sozialki aktiboa izan behar du, hau da, antolatzen diren ekintza kulturaletan gogotsu hartu behar du parte. Eta azkenik, ikasketak burutzeko gaitasuna izan behar du.

Arrastoak azaldu du garrantzitsua dela bertako ikasleentzat ikasketetan murgiltzea. Lan mundurako sarbidea gordina dute, eta ondorioz, mara izeneko gazte armatuekin batzen dira beren bizimodua aurrera ateratzeko. "Maratan sartzea ekiditeko aktibitate kulturaletan parte-hartzera bultzatzen dituzte gazteak, hala nola musikan, antzerkian edota dantzan". Egun, Erdialdeko Amerikako Unibertsitatearekin akordio batera heltzeko lanean ari dira bertako institutuak.

Emakumeen lan egoera
Adunako alkateak emakume gazteen egoerari egin dio lekua bere hizketan. Graduazioa ospatu eta hurrengo eguneko bazkarian 23 urteko neska batek honakoa esan omen zuen: "zahartzen ari naiz". Amilibiak zahartzen zein zentzutan galdetu zion, eta hark "haurrak edukitzeko" argitu zion. Harriturik, ikasketak amaituta lan munduan sartzen saiatzeko erantzun zion Amilibiak, argudiatuz bizitza luzea duela oraindik seme-alabak edukitzeko. "Hango egoera ez da hemengoa bezalakoa. Haurrak eduki ostean seguruenik lan mundutik irtengo dira", azaldu du Amilibiak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!