Aldaketak datoz hondakinen bilketa sisteman

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Lasa 2019ko urt. 10a, 15:32

Edukiontzi zaharrak kendu eta berriak ipiniko dituzte. 9.500 euroko kostua edukiko du sistema martxan jartzeak.

Urtarrilaren 21ean jarriko dute  martxan hondakinak biltzeko sistema berria. Txartel elektronikoarekin funtzionatuko du, eta helburua gaikako bilketa %65era igotzea da.

Errefusaren eta organikoaren edukiontziak irekitzeko, txartela erabili beharko da. Errefusa astean lau aldiz atera ahal izango da, nahi den ordutegian eta egunetan. Behar bereziak dituzten familiei edukiontzia gehiagotan irekitzeko aukera eskainiko zaie, esaterako, pardelak erabiltzen dituzten sendiei. Horretarako, informazio bulegora joan beharko dute urtarrilaren 15etik aurrera, txartela aktibatzeko.
Organikoaren kasuan, probarako bi edukiontzi marroi ipiniko ditu Udalak Ibarrazpin eta Kale Berrian. Etxean konposta egiten ez dutenei zuzenduta dago. Nahi den egunetan eta nahi den ordutegian bota daiteke organikoa; kasu honetan ere, bulegotik pasa behar da txartela aktibatzeko.
Ontzi arinen eta papera eta kartoiaren edukiontziak zabalik egongo dira. Tabernei, dendei eta gisa horretako sortzaile bereziei atez-ateko bilketa egingo diete; eta landa eremuko bilketa puntuak ere berrantolatu egingo dituzte.

Bulegoa zabalik
Herritarren arretarako informazio bulegoa jarri dute Kale Nagusiko 6. zenbakian. Sistema berria martxan hastean, sei hilabetez egongo dira bertan. Astelehenetik ostiralera egongo da zabalik. Informazio gehiago asteasu@tolosaldekomankomunitatea.eus posta elektronikoan edo 672 654 506 telefono zenbakian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!