Amasako karobiak berreskuratzeko lanak burutu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Lasa / Xabi Lasa 2019ko urt. 12a, 10:49

Burdina taldeko kideak Amasako Musturiazpi baserri ondoko karobia garbitzen.

Amasako karobiak ezagutzeko ibilbidea zabalduko dute hurrengo hilabeteetan. Informaziorako panelak ere ipiniko dituzte.

Burdina taldeak eta Amasa-Villabonako Udalak Amasako karobiak berreskuratzeko hitzarmena sinatu dute. Joan berri zaigun urtean, Aranerreka bazterrean kokatzen diren bi karobi garbitu dituzte. Musturiazpi baserri inguruan kokatzen da bat, eta han bertan egin zuten agerraldia Burdinako kideek  eta Udal ordezkariek, abenduaren 20an.

Belar eta sasi artean ezkutaturik egon da urte luzez orain berreskuratu berri duten karobia. Oinezko zein korrikalari ugari igarotzen dira bertatik, eta horientzat ikusgai jarri nahi izan dute Burdinako kideek. Ander Otaño elkarteko kideak agerraldian adierazi zuenez, "karobia zein parajetan dagoen ikusita, karearen industria txiki honek nola funtzionatzen zuen konturatzen zara". Funtzionamendu horri buruzko zenbait xehetasun azaldu zituen: "Errekak dakarren urak sua erregulatzen zuen, eta ingurutik biltzen ziren egurra eta kareharria konbustio gisa erabiltzen ziren labean, auzotarrentzat kare bizia lortzeko".

Guztira bost karobi daude Amasan; Musturiazpiko inguruetan bi, eta beste hirurak Floreaga, Mikeligartza eta Etxezarreta baserrien ondoan;  karobi bakoitzak baserriaren izena hartu du. Azken horiek baserritarrek beraiek zaindu eta garbitu dituzte urteetan zehar, horregatik daude besteak baino egoera hobeagoan. Karobiek Amasa-Villabonako "herri identitatea" indartzen dutela adierazi zuen aurkezpenean Maite Izagirre alkateak; azpimarra jarriz belaunaldiz belaunaldi iraganarekin sortzen joan den loturan. Amasamendiko karobiak berreskuratzeko balioko du Burdina taldearekin sinaturiko hitzarmenak.

Etxezarreta karobia
Musturiazpi baserri ondoko karobiaz gain, Etxezarretakoa ere berreskuratu dute Burdina ko kideek. Ia ikusi ere egiten ez zela zegoen karobia, mendiko pista bazterrean. Karobia ikus dadin, lur kantitate handia atera behar izan dute.

Atera diren arrastoen artean, burnia azaldu da. Harrituta daude, normalean kare arrastoak soilik topatzen baitituzte. Euskal Herrian bigarrengo kasua omen da, eta laborategira bidali dute aztertzeko.

Karobiak ezagutzeko ibilbidea
400 urte beteko dira aurten  Amasak eta Villabonak herri gisa bat egin zutela. Ospakizun horren harira, bost karobiak bisitatzeko ibilbidea irekiko da hurrengo hilabetetan.

Ibilbidea Amasako plazan hasi eta Aranzabin barrena, Musturiazpi, Floreaga eta Mikeligartza baserrietatik igaroko da. Ibilbidean zehar panel informatiboak ipiniko dituzte, hurbiltzen diren bisitariek karobiei buruzko xehetasunak ere jaso ditzaten. Handiena plazan bertan jarriko dute. "Bost labeen historiari eta bertan egiten zen kare biziak zuen erabilerari buruzko informazioa emango da panelean. Esaterako, karea baratzeko ongarri gisa, baserrietako hormak zuritzeko eta ukuiluak garbitzeko erabiltzen zela", azaldu du Eneko Urdangarin zinegotziak. Panelez gain, eskuorri informatiboa ere argitaratuko dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!