GuraSOS ekimenak abian jarritako Hitzartu prozesuaren baitan, Gipuzkoako herritar, eragile eta adituek Gipuzkoako Udal Hondakinen Kudeaketa Plan Alternatiboa landu dute. Dagoeneko Foru agintarien esku dago plan hori. Gogoan izan behar da erraustegia alboratzen duen plan alternatiboa dela, hondakinak erraustu ordez “gordailu inertizatuak” egokitzea proposatuz.
Proposatutako alternatiba, erraustea baztertzen duena, Tratamendu Mekaniko-Biologikoko planta (TMB) batekin bateragarria izango litzateke: "Zubietako lantegian instalatua izan daiteke, gaur egun aurreikusia dagoena funtzio berrira bideratuz.
Gordailu inertizatuak, ohiko isurketaren zein errausketaren ordezko bide alternatiboa da. Zehazki proposatzen dena hondakinak inertizatu eta DK II motako gordailua erabiltzea da, honakoak bermatzen dituena:
- Kimikoki edo biologikoki eraldatzeko gaitasun eza.
- Ez disolbagarri, ez erregai, ezta fisikoki edo kimikoki erreakzionatzeko gaitasuna.
- Ez biodegradagarriak, beste gai batzuengan ez dute eragin negatiborik eragiten.
- Ez dute ingurumena kutsatzen, ez eta osasuna kaltetu ere".
Eguberrietan ekimen betean izan dira GuraSOS taldekoak. Abenduaren 29an egin zuten agerraldian Garbiñe Biurrun epaileak, Juanjo Alvarez katedradunak, Bernardo Atxaga idazleak eta Esther Larrañaga politikari ohiak hondakinen gatazkaren gainean gizartearekin elkarrizketa bidea zabaltzea eskatu zioten Gipuzkoako Foru Aldundiari.
Juanjo Alvarez katedradunak adierazi zuenez, “kontua ez da egia absolutua aurkitzea, guztion artean konponbide iraunkorra aurkitzea baizik. Denon artean, etorkizunekoa, behin betikoa eta hondakinen kontuarentzako bideragarria den irtenbide bat eraikitzea baizik".