Pedro Rodriguez udaltzainak gertu du erretiroa

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Lasa 2019ko urt. 25a, 16:43

Azken urtetan udaltzain buru izan dena erretiroa hartzear da eta lankideek agurra eskaini zioten joan den ostiralean.

Erretiroa hartzear da Pedro Rodriguez udaltzain burua eta, urtarrilaren 18an modu hunkigarrian agurtu nahi izan zuten lankideek, besarkatuz, txalotuz eta oroigarriak emanez.

Ekitaldian, hiru lankidek hartu zuten hitza gainerakoak ordezkatuz. Jon Iturralde udaltzainak, eskerrak eman nahi izan zizkion modu pertsonalean. "Zure animoei esker Hernaniko tailerreko lanbidea utzi, ilusioa piztarazi, eta aldi berean, uniformea janzteko lotsak uxatu zitzaizkidan.  Horrexegatik, eta geroztik erakutsi izan didazun pazientzia eta babesagatik, mila esker". Etorkizunean bizitza gozatzen segi zezan opa egin zion: "Lorik gabeko gauak ahaztu, eta disfrutatu familiarekin, emaztearekin eta bilobarekin batik bat". Andoaingo Udalari Rodriguezen pareko udalatzaina topatzen kostako zaiola adierazi ostean, Iturraldek txapela jantzi zion buruan, udaltzain guztien izenean. "Zure gizatasun eta lankidetzaren kalitatearengatik" leloa darama txapelak.

Opariekin jarraituz, Gonzalo Sukunzak erretratu berezia eman zion: Rodriguez Santa Krutz egunean Goikoplazatik abiatu eta kalean behera udal agintariekin batera doa, Andoaingo bandera eskuan.

Lanberto Otermin udaltzainak, Rodriguezekin lotutako hainbat sentimendu eta oroitzapen zetozkiola burura aitortu zuen. "Kaletxikiko auzokideak gara, eta gogoratzen naiz, umetan, auzoen arteko futbol partidetan, Pedro gure fitxaketa izartsua izaten zela".

Udaltzainaren lanbidea ezaugarri berezikoa dela kontuan hartuta, Oterminek adierazi zuen une zail ugari kudeatzea egokitu izan zaiela elkarrekin egin duten urteetan, une liskartsuak tartean, baina batik bat oroitzapen onak dauzkala gordeta. Jose Maraña udal idazkariak, Rodriguezek txosten teknikoak-eta atontzerakoan beti erakutsi izan duen zuzentasuna nabarmendu nahi izan zuen, eta eskerrak eman zizkion bere animoak suspertzaile gertatu izan zitzaizkiolako udaltzainen egoitza eraiki behar izan zen garaian, Jaurlaritzarekin edukitako gora-beherei aurre egiteko orduan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!