Bizitzarekiko ikuspegia aldatu zion bidaia-sorta

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Ubeda 2019ko urt. 26a, 16:53

Arri Zugarramurdi Andoainen hazi eta hezi zen gaztea Arritxu bezala ezagunagoa da, bereziki Aita Larramendi ikastolan ikaskide izan zituenen artean. Tolosan finkatuta, argazkilaritza du ogibide. Himalayan aurkitu dituen paisaia eta pertsonekin txundituta, erakusketa zabaldu du Alkizan.

“Himalaya” izena ipini dio bere lehen argazki-erakusketari. Arri Zugarramurdi (1981) andoaindarra Tolosan bizi da, bertan baitauka argazkilaritzara bideratutako negozioa. Objektiboa gustu handiz kokatzearen poderioz, instantea hilezkor bilakatzea ogibide bilakatu zaio. Beti, hori bai, besteentzat lan eginez. Enkarguzko lanak egitera ohituta dago ezkonberriekin, jaioberriekin edota jaunartzea egin dutenekin. Pasioz bizi du ogibidea: “Zazpi urte dira estudioa zabaldu nuenetik. Besteentzat lan egiten dugu, argazkilari estudio gehienetan bezalaxe. Langintza horretan badakit zer egin behar dudan, bezeroarentzat lan egitea erraza zait. Nire sorkuntza lana erakustea, ordea, kosta egin zait. Nire baitarako eta, gehienez ere, lankideentzako edota lagunentzako gordetzen ditut. Ez dut orain arte ikusgai ipintzeko behar hori sentitu, eta uste dut horrelakorik ere ez nuela egin nahi. Baina zerbait aldatu da nigan, eta Fagus Alkiza Interpretazio Zentrokoek proposamena luzatu zidatenean baiezkoa erantzutea erabaki nuen”. Zerbait aldatu zen, bada, bere baitan. Eta gakoa 2017ko neguan aurki daiteke, Himalayako zortzimilakoen magalean egonaldia egitea erabaki zuenean.

Laguna du Alex Txikon mendizale ezaguna, eta hark luzatu zion inguru hura ezagutzeko proposamena. Kirolaria Everestera neguan igotzeko espedizioan murgilduta zegoela, argazkilariak oinarrizko kanpalekuan egoteko aukera izan zuen. “Inoiz egin dudan bidaiarik zoragarriena izan da”, dio. Bidaia hura bizitza aldatu dion esperientzia izateraino. Esaldi hori ez da helduleku hutsa. Lehen bidaia hura –gerora gehiago izan dira– ikusgarria izan zelako. Neguan Everestera igotzeko saiakera hartan, oinarrizko kanpalekutik zibilizaziora itzuliko zuen bidaia helikopteroan egin zuen Alex Txikonek. Hegaldi horretan, gonbidatu modura, Arri Zugarramurdik joan-etorri ahaztezina egin zuen: “Himalaya airez zeharkatzea bizitza aldatu didan esperientzia izan da. Are gehiago, argazkilaritza bizitzeko modua ere aldatu egin zait. Bidaia hartan argazkiak egin nituen, eta nire lagunak bideoak. Hegaldian zehar begien aurrean nuena hain ikusgarria zen, argazkiak ateratzea ere ahaztu egiten zitzaidala”. Hunkituta jaitsi zen helikoptero hartatik, bizi izandako esperientzia hori barren-barreneraino sartuta. Bidaia horren bideoa, esaterako, Fagus Alkiza interpretazio gunean ikus daiteke.

Emozionalki lotura handia egin du Himalayako herrialdearekin, 2018ko neguaren amaieran berriro itzuli baitzen: “Trekking-a egitera joan ginen. Sei eguneko zeharkaldia egin genuen, Luklatik oinarrizko kanpalekura. Bidean Dingboche edota Gorak Shep zeharkatu genituen. 5.600 metroko garaiera duen Kala Pattar mendira igotzeko aukera izan genuen. Handik oinarrizko kanpalekua ikusten zen”.

Hango bizimoduaren eta biztanleen argazkiekin osatu du argazki-erakusketa, bereziki bigarren bidaian ateratakoekin: “Ez dakit zer den, ezin dut hitzekin adierazi, baina hangoekin lotura handia sentitzen dut. Hango jendea dela uste dut. Jende horrekin egoteko beharra daukat. Berriro ere joateko asmoa daukat”. 2020an izango da hori.

Bi argazki-kamera eta milaka argazki
Orain arte egin dituen bi egonaldiak batuta, Himalayako milaka argazki ditu: “Azken bidaia honetan, esaterako, eraman nituen txartel guztiak argazkiz beteta ekarri nituen. Canon 5D eta 7D argazki kamarak eraman nituen. 7Da erabiltzen nuen gehien bat, baina 5Da eskura nuen beti. Bigarren kamara badaezpada eraman nuen, argazkiak ateratzeko aukera ziurtatzearren. Hotza, altuera,... egoera horietan kamarak huts egin dezake eta ez nuen argazkiak ateratzeko aukerarik gabe geratu nahi. Jendaurrean lagin txiki bat besterik ez dut erakutsi. Estilo aldetik, Himalayatik ekarri eta erakusketarako aukeratu ditudan argazkiak ia bere horretan daude. Enkuadrearen arabera argazkiren bat edo beste moldatu dut, baina gainerakoan argazkiak aterata bezala erakusten ditut. Ez dut filtrorik edo horrelakorik erabili. Ez da nire estiloa”.

Arri Zugarramurdik bere estudioan darrai lanean, besteak beste, Irene Larrañaga zizurkildarra lankide eta lagun duela. Dagoeneko ez da soilik besteentzat lan egiten duen profesionala. Lanbidetik harago, argazkilaritzaren arte ederrera hurbiltzen ari da. Behin lehena zabalduta, argazki-erakusketa gehiago antolatzeko prest dago. Aukera berria iritsi bitartean, Hernioko magalean bideo eta argazki ikusgarriez goza daiteke.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!