Fagus Alkiza Interpretazio Zentroa, udaletxeko goiko solairuan dago. Hernio-Gazumeko inguruak ezagutarazteko helburuarekin sortu zen 2013an. Egun hauetan, Arri Zugarramurdiren erakusketaz gozatzeko aukera eskaintzen du. Argazkia da oinarria, baina ikus-entzunezkoak ere badira. Bereziki, Himalayako mendilerroan barrena helikopterotik egindako bideo grabaketa ikusgarria.
Urteekin, Alkizako kultur egitasmoa osatuz eta aberastuz joan da. 2018a, esaterako, oparoa izan zen. Alde batetik, hitzaldi eta jarduera ezberdinen bitartez, Natura&Artea ingurumena eta artea uztartzen zituen jardunaldiak antolatu zituzten. Eta, bestetik, Sormenaren kabia egitasmoa abiarazi zuten. Euren hitzetan, kultura eta ezagutzak elkarbanatzeko, ikerketarako eta zabalkunderako gune izateko xedearekin jaio da kabia. Artearen sorkuntza gizarteratzeko tresna izan nahi du, Gipuzkoa osorako”. Lehen edizioan parte hartzeko deialdian, 23 proiektu jaso zituzten, aurreikuspen guztiak gaindituz. Hautagai guztien artean bakarra aukeratzeko asmoa bazuten ere, “finalera iritsitako bi lanen maila ona ikusita, azkenik, Sormenaren Kabia Artistentzako Egonaldien lehen edizioan, bi artistek parte hartu dute. Epaimahaiak, Kimia Kamvari eta Txiki Keixeta artistei ex aequo beka bana ematea erabaki zuen”.
Joan zen azaroaren 21ean, bi artisten inguruan egindako ikus-entzunezkoa eskaini zuten. Unai Sorarrain bideogileak bi artisten sortze prozesuarekin bideoa ekoiztu zuen.