Gonbidatu guztiak txerriak diren ezkontza

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Lasa 2019ko urt. 26a, 17:31

Kepa Errasti aktorea "Txarriboda" antzezlanean. Argazkia: Egoitz Bengoetxea "Otxabi".

Urtarrilaren 27an Amasa-Villabonako Gurea Zineman izango da "Txarriboda" antzezlana Hika teatroaren eskutik, 19:30ean.

Txarriboda: txerria hiltzen lagundu dutenekin egiten den bazkaria. Horixe da txarriboda hitzaren esanahia. Eta zer kontatuko ote du ba "Txarriboda" antzezlanak? ezkontza baten ospakizuna, txarriboda baten antzera.

Agurtzane Intxaurraga "Txarriboda"antzezlanaren zuzendariak adierazi duenez, "gure gizartean ezkontzetara joaten garenean denok sentitzen gara nolabait munduko aberatsenak, ederrenak. Dena itxurakeria da. Horren atzean gordetzen dira gure miseriak".

Bertolt Brecht-en "La boda de los pequeños burgueses" obratik hartu zuen ideia. "Narrazio basatian kontatu nahi nuen; gizarteari kritika eginez, eta umore gordinean azalduz", dio Intxaurragak.

Herritarrak taula gainean
"Txarriboda" antzezlana hartu duen herri bakoitzean, bertako herritar artistak igo dira taula gainera. Villabonan ere bai, hala nola Oinkari dantza taldeko dantzariak edota Oihana Iguaran bertsolaria. Bi dantzari gaztetxok agurra dantzatuko diete senar-emazteei, eta Iguaranek, berriz, bertsoa eskainiko die ezkonberriei. Dantzari helduagoek Cumbia dantza dantzatuko dute aktoreekin. Taula gainean soilik ez, entseguetan argazkiak ateratzearen ardura Egoitz Bengoetxea "Otxabi" billabonatarrak eduki du.

Zuzeneko musika
10 pieza inguru abestuko dituzte antzezlanean, guztiak zuzeneko musikarekin. "Euskal kabareta" sortu dutela dio Intxaurragak. Euskal Herriko lehengo eta egungo melodiak erabiliko dituzte, esaterako, Anariren "Naufragoak" edota Antton Valverderen edota Imanol Lartzabalen musika.
Musika konponketak Iñaki Marurik egin ditu. Horrez gain, Onintza Enbeita bertsolaria arduratu da abestiei letra jartzeaz.

Adin esparru zabala
Adin ezberdinetako ikusleak erakarri ditu "Txarriboda" obrak, eta aipatzekoa da gazteen artean eduki duen harrera ona. "Ederra da antzokian gazte kuadrilla ikustea, normalean adinaren bataz bestekoa nahiko altua izaten baita. Zaila da nerabeengara iristea", dio Intxaurragak.

Sarrerak
Sarrerak aurrez eros daitezke Amasa kafetegian edo Basajaun liburudendan 10 euroren truke. Egunean bertan ere eros daitezke lehiatilan, 12 eurotan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!