Amasa eta Villabona batu zirela 400 urte beteko dira urrian

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Lasa 2019ko ots. 8a, 18:06

Amasa-Villabonako udal ordezkariak eta herriko talde ezberdinak AV400 urteurrenaren aurkezpenean.

Lehen ekimen gisa, lau buruhandi berri aukeratzeko prozesua jarri du abian Udalak. Santio jaietarako prest eduki nahi dituzte.

Amasa eta Villabona herri gisa bateratu zirela 400 urte beteko dira urrian, eta ospatzeko egitarau oparoa aurkeztu du Amasa-Villabonako Udalak.
"2 herri, helburu 1" leloa ipini diote ospakizunari, AV 400 laburdura ikur duelarik. Amasa-Villabonako alkate den Maite Izagirrek azaldu duenez, "ideia nagusia gure kultura balioan jartzea eta komunitatearekiko dugun partaidetza sustatzea da". Programazio irekia dela gehitu du, herriko kirol eta kultur eragileekin batera antolatzen ari dena.

Ekitaldiak otsailean hasiko diren arren, ekitaldi instituzionala urrian egitea aurreikusten da. Bertara Gipuzkoako eta Euskadi mailako autoritateak etorriko dira.

Buruhandiak aukeratzeko prozesua, lehenik
Ospakizun guzti horren barnean, lau buruhandi aukeratzeko prozesua zabaldu du Udalak. "Festekin harremana duten lau pertsonaia izan behar dute, Amasa-Villabonako ofizioekin, pertsonaiekin edota herriaren identitatearekin lotura dutenak; baina karakterizazio orokorrekoak, izen-abizenik gabeak", eman ditu xehetasunak Mertxe Garmendia kultur zinegotziak.

Proposamenak bidaltzeko azken eguna otsailaren 18a izango da, eta honako posta elektronikora bidali behar dira: buruhandiak@villabona.eus. Proposamen guztiak jasotzean, Udaleko Kultura Sailak egokien iruditzen zaizkion ideiak hartu, eta horiekin buruhandien pertsonaiak diseinatuko ditu.

Musika eta dantza nagusi
Musika eta dantza ikuskizunek hartzen dute lekurik handiena egitarauean. Martxoan bi musika ekitaldi egongo dira. Alde batetik, Tolosako, Orioko eta Loatzo Musika Eskolako musika banden kontzertua. Oraindik ez da data zehaztu. Bestetik, martxoaren 30ean Benito Lertxudik kontzertua eskainiko du, eta ondoan edukiko ditu Eresargi abesbatzako kideak.

Maiatzaren 4an, Gautena elkartearen aldeko kontzertua eskainiko du Miguel Zeberio tolosarrak zuzenduriko "Et Incarnatus" orkestrak. Bertan izango dira Tapia eta Leturia trikitilariak eta Paco Ibañez adunarra.

Abuztuaren 5ean, Donostiako Musika Hamabostaldiko kontzertuak eskainiko dira Arturo Barba organo-jotzailearen eta Raul Junquera tropeta-jotzailearen eskutik. Abendurako dantza emanaldia prestatuko du Oinkarik.

Bestelako ekimenak
Otsailean argazki lehiaketa jarriko da martxan, "Amasa-Villabona, iragana eta oraina" izenekoa, Egoitz Bengoetxea herritarrarekin lankidetzan. Umeek nahiz helduek har dezakete parte, eta zeregina argazki batean lehengo elementuak egungoekin uztartzea da. Jasotzen diren argazkiekin udal artxiboko argazki atala osatzen joango dira.

Martxoan Euskal Herriari buruzko 4 konferentziaz osaturiko zikloa izango da, Aranzadi Zientzia Elkartearekin. Irailean Amasako baserriei buruzko erakusketa etnografikoa egingo da, herriko historia eta kultura herritarrei gerturatzeko helburuarekin.

Kirola
Ekaina edo uztaila aldean, lehen mailako Errealeko jokalariak etorriko dira entrenamendu saioa egitera, Arratzaingo futbol zelaira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!