Ana Sarasua: "Herritarrak pozik daude, batez ere euskalduna naizelako"

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Lasa 2019ko ots. 9a, 10:45

Urria amaieran hartu zuen Ibarrazpi pasealekuko farmaziaren ardura, aurreko jabeak erretiroa hartu zuelako. Herrian pozik hartu dute albistea, farmazialari berria Asteasukoa bertakoa delako.

Ia 15.000 biztanle dituen herrian farmazialari egotetik 1.500 biztanle pasatxo dituen herriko farmazialari bakarra izatera igaro da Ana Sarasua. Horrek ekarri dion aldaketaz, eta egungo farmaziako lanaz aritu da solasean.

Andoaindik Asteasura egin duzu aldaketa. Alderik ba al dago?
Bai, nahikoa. Orain arte Andoainen egiten nuen lan, anbulategi ondoko farmazian. Lau langile ginen, eta beti zebilen jendea. Asteasun berriz, bakarrik nago eta ez da etortzen horrenbeste jende. Mugimendu gutxiago izango zela banekien. Pixka bat kosta egiten da aldaketa.

Nolakoa izan da herritarren harrera?
Pozik daude, batez ere euskalduna naizelako. Aurreko nagusia eta langilea Andaluziakoak ziren. Euskaraz ez zekiten, eta egia esan ikasten ere ez ziren askorik saiatu. Alde horretatik jendeak ondo hartu du berria.

Lehen hilabeteetako zein balantze egiten duzu?
Lehenengo egunetan nahiko urduri egon nintzen. Hasierako egun haiek gogorrak izan ziren. Farmaziako atea ireki, barrura sartu, eta nire tokia izango ez balitz bezala sentitzen nintzen. Dena arrotza. Jendea ezagutzen dut eta horrek asko lagundu dit. Aldaketa dezentekoa izan da, baina pixkanaka banoa ohitzen.

Zenbateraino zara aholkulari, eta zenbateraino mediku?
Egun, Internet dela eta, jendea diagnostikoa eginda etortzen da. Adineko jendearekin erabiltzen dugu batez ere aholkulari papera. Asteasun oraindik ez dut askorik sumatu, baina Andoainen bakarrik bizi zen adineko jendea botiken bila etortzen zenean, hitz egiteko premia izaten zuen. Entzule papera ere betetzen dugu.

Negu bete-betean gaude, katarroen garaia…
Jende dezente dago gripeak jota. Sukarra, eztarriko mina, botaka…, horiek izan ohi dira sintoma nagusienak. Adituek diotenez, beste urteetan baino gogorrago jo du gripeak aurten. Gaixotasun horregatik etorri dira batik bat farmaziara. Adin-tarte guztiei heldu die gripeak, baina nik uste, batez ere, Lehen Hezkuntzatik gorako ikasleei eta adinekoei eragin diela.

Gripeari aurre egiteko aholkurik?
Beti esaten dena: arropa ez gehiegi, ez gutxiegi. Saihestu hotz-beroak, ez dira onak. Saiatu likidoak edaten eta ondo hidratatuta egoten. C bitamina ere ona da gripeari aurre egiteko.

Produktu homeopatikoen salmenta murriztu egin da. Zein iritzi duzu horien erabileraz?
Nik ez nuke homeopatia denerako sendabide gisa erabiliko. Adibide gisa, nire alabak jarabeekin botaka egiten zuen, eta homeopatiako produktuekin ondo joan zaio. Nire iritziz, kalterik ez du egiten, eta zenbait gauzentzako ondo doa. Hortik aurrera, bakoitzak erabaki dezala. Badira batzuk homeopatian fede handia dutenak. Beste askok, aldiz, ez dute horretan sinesten.

Antibiotikoak utzi eta homeopatiarekin zaintzea ez da agian egokiena izango, baina zenbait kasutan lagungarri dira. Nolanahi ere, produktu homeopatikoen salmenta dezente murriztu da, bai.

Osakidetzarekin automatizatutako sistema da nagusi farmazietan. Abantaila handia al da hori?
Ondo baldin badoa abantaila da. Tratamendua ondo pautatuta baldin badago, erosoa da. Egunean bi pilula hartu behar baldin badituzu, eta kaxak 30 pilula baldin baditu,  15 egunetik behin kaxa bat ateratzen zaizu. Ez dago errezetaren papera ekarri beharrik.

Aurreko sistema ezagutu al zenuen?
Bai, eta alderatuz gero, egungoa ona da ezin duzulako botikarik gaizki eman. Lasaitasuna ematen du segurtasun hori edukitzeak.

Egungo farmaziak ez dira soilik botiken salmentara bideratzen.
Parafarmaziako produktu dezente daude. Herriaren arabera gauza ezberdinak saltzen dira. Herri txikietan nik uste denetik gehiago dagoela. Handietan, eskualdearen arabera, prezioaren lehia handiagoa da. Asteasuko herritar asko Villabonara jaisten dira enkarguak egitera, baina beste asko, kotxerik ez dutenak, herrian bertan gelditzen dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!