Billabona FKEk indartsu dihardu denboraldiaren erdia igarota

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Lasa 2019ko ots. 8a, 16:21

Billabona futbol taldeko ohorezko jubenil mailako jokalariak. Argazkia: Billabona FKE.

Jubenilen ohorezko mailako mutilek lehen postuari eusten diote. Larunbatean Mondragon taldearen aurka jokatuko dute partida 15:30ean hasita, Arratzainen. Aurkari gogortzat dute Mondragon, baina aste osoan egindako lanari esker irabaztera doazela adierazi dute.

2018-2019 denboraldiaren erdia gainditu dute Billabona FKE-ko futbol taldeek. Irailean hasi eta maiatzera bitarte jokatu beharreko 30 jardunaldietatik 19 jokatu dituzte.

Erregional preferente mailako mutilek bigarren postua lortzea ezarri dute helburu gisa denboraldi amaierarako. Une honetan bosgarren postuan daude, eta lanean gogotsu eta animotsu arituz beharrezko puntuak eskuratuta,  bigarren postuan sailkatzeraino hel daitezke. Aner Elgorriagak eta Urtzi Zubeldiak egiten dute kapitain lana.  Elgorriagak adierazi duenez, "denboraldiaren hasiera oso ona egin genuen. Orain luze samarra egiten ari zaigu, lesio batzuk izan baititugu tarteko. Ea nola joaten den denboraldi amaiera".

Animo aldetik egun onak eta ez hain onak izaten dituztela adierazi dute kapitainek, baina batez ere konstantzia edota erritmo jakin bat jarraitzea falta zaiela gehitu dute. "Ilusioa badugu, baina konstantzia pixka bat gehiago falta izaten zaigu denboraldi osoan zehar".

Astean hiru egunetan edukitzen dituzte entrenamenduak, ordu eta erdiz, Arratzaingo futbol zelaian. Astelehenetan eta asteazkenetan egiten dituzte saiorik gogorrenak; ostiraletan, aldiz, arinago entrenatzen dute larunbateko partidara nekatuegi ez iristeko. "Ariketa ezberdinak egiten ditugu: baloia mantentzea, jokaldi amaierak...", azaldu du Elgorriagak.

Billabona futbol taldeko preferente mailako jokalariak. Argazkia: Billabona FKE.

Ohorezko jubenilak, lehenak
Denboraldi osoan zehar fin ari dabiltza jubenilen ohorezko mailakoak. Lehen postuan daude, 41 punturekin. Mondragon taldea dute atzetik puntu bakarreko aldearekin. Borja Martin eta Fran Martinez dira entrenatzailea eta entrenatzaile laguntzailea, eta astean hirutan entrenatzen dute, astelehenetan, asteartetan eta ostegunetan.

Pozik eta euren onena emateko ilusioz daudela nabari zaie jubenil mailako jokalariei. "Lanerako gogotsu aurkitzen gara, baina ezin gara erabat fidatu. Lehen postuan mantentzen ahaleginduko gara", dio Imanol Rodriguez futbol jokalariak. Lana egiteaz gain, emaitza onak lortzearen sekretua laguntasunean dagoela aitortu du Oihan Jauregi jubenilak: "Taldean txikitatik ezagutzen gara, lagunak gara, eta horrek asko laguntzen du". Unai Redondo taldekidea ere animotsu ageri da, eta bide beretik jarraitu dezaketelakoan dago.

Gipuzkoako txapelketako 2. multzoan daude. Lehen postuan mantenduz gero, lehen multzoko talde garailearen aurka partida jokatu eta irabazten badute Jubenilen Euskal Mailara igoko dira.

Asteburuko partidak
Asteburuan futbol-partida gogorrak jokatu behar dituzte Billabona FKE-ko mutilek.Erregional preferente mailakoek Tolosa taldea dute aurkari. Etxetik kanpo jokatu behar dute, eta indarrak bildu beharko dituzte garaipena eskuratu nahi badute. "Betidanik egon da pikea Tolosarekin. Lehia polita izango da, seguru. Zaila izango da partida irabaztea, baina beraiekin jokatzeko gogotsu gaude", dio Aner Elgorriagak. Momentuan 5. postuan kokatzen dira, 34 punturekin. Larunbatean izango da partida Tolosan, 15:30ean hasita.

Ohorezko jubenil mailakoei dagokienez, Mondragon taldearen aurka lehiatu behar dute. "Partida zaila izango dela badakigu, baina guk gurea ematen badugu, irabazteko aukerak edukiko ditugu. Hala ere, lan handia egin beharko da, haiek ez baitigute irabazten utziko", azaldu du Asier Ugartemendia taldekideak. Larunbatean dute partida mutilek Arratzainen, 15:30ean hasita.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!