Joxean Aramburu: "Lastima da, baina harakina galtzen ari den ofizioa da"

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Lasa 2019ko ots. 9a, 12:16

Joxean Aramburu harakina bere jardunean.

Sei hilabete itxita egon ostean, berriz ere ateak zabaldu ditu Joxean harategiak.

Bezeroenganako esker hitzekin itzuli da harategira Joxean Aramburu. Elkarrizketa amaitu berritan, bezero bat sartu zen negozioan. Haren erantzuna hauxe izan zen: "Joxeanek bertako produktuak eskaintzen ditu, eta nabari da".

Sei hilabete itxita egon ostean, berriz ere ekin diozu negozioari. Nolakoa izaten ari da buelta?
Oso polita. Aurretik kezkati geunden bezeroek nola erantzungo zuten. Urtarrilaren 16an ireki genuen, eta erostera etorri ez zirenak ere kaso egitera etorri ziren: zer moduz nagoen, zer moduz joan den aldakako operazioa… Horrek kriston poza ematen dizu. Suertez oso erantzun ona izan dugu. Ireki bezala itzuli dira bezeroak, eta eskertzekoa da.

Zenbat urte daramatzazu harakin?
15 urterekin hasi nintzen Donostiako San Martin merkatuan aprendiz gisa. 2002an ireki genuen harategia.

Zergatik sartu zinen harakin?
Baserrikoa naiz, eta baserrian beti izaten zen arkumeak larrutu beharra, txerria hil beharra edo oilaskoak hil beharra. Eskolarako gogo handiegirik ez nuen, eta orduan nire aita zenak esan zidan eskolara edo lanera. Orduan hasi nintzen lagun baten bitartez harakin ofizioa ikasten.

Zein da harategian duzun produktu izarra?
Gure fuertea dudarik gabe bertako haragia da, txekorrarena eta behiarena. Inguruko baserrietatik erosten dut: Asteasu, Zizurkil, Aia, Ikaztegieta. Txarkuteri aldetik ere aukera dezentea daukagu, baina bereziki gure fuertea haragia eta etxean egiten ditugun produktuak dira.

Enpresa handiek eragin handia dute negozio txikietan. Nola eragin dizu zure negozioan?
Azken urteetan supermerkatu ugari ireki dira inguruan, eta horrek ez du batzen, kendu baizik. Gure harategiaren aurrean komestible denda txikia itxi egin zen, pintura denda itxi egin zen, aldameneko fruteria itxi egin zen. Bakarrik ari gara geratzen eta pena da, herriari bizia kentzen baitio.

Harategian hasi zinetetik orain arte, zein ezberdintasun ikusten dituzu?
Merkatua konplikatuagoa da.Lehen haragia etxeko janik oinarrizkoena zen. Egun gutxiago jaten da, astean behin edo bitan; eta extra moduan. Medikuarengana edo nutrizionistarengana joanez gero haragi gorria behin edo bitan jateko esaten dizu. Haragiaren alde txarrak asko aipatzen dira, baina alde onak ez.

Bezero mota ere aldatuko zen.
Erabat. Lehen etxeko andreak ziren erosketak egiten zituztenak, eta egun emakume gazteek lanera joan beharra dute. Oso normala da gizonezkoa erosketak egitera etortzea; lanetik atera eta etxerakoan erosketak egiten dituzte.

Etorkizuna nola ikusten duzu?
Lastima da, baina harakina galtzen ari den ofizioa da. Gure ofizioa mantendu nahi nuke.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!