Martxoaren 8a indartsu dator aurtengoan

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Lasa 2019ko mar. 3a, 15:56

Asteasuko emakume taldea, Martxoaren 8ko ekitaldiak antolatzeko bileraren aurretik.

Auto karabanarekin hasiko dute eguna eskualdeko herri askok. 08:30etatik aurrera Villabonako kamioien aparkalekutik Tolosara abiatuko dira karabanan. Ondoren, ekitaldiak, manifestazioak edota bazkaria izango dituzte. Donostian egingo den manifestazioan amaituko dute eguna.

Emakumeok Planto! Lelo horixe entzungo eta irakurriko dugu martxoaren 8an kalera ateratzen garenean. Izan ere,  Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatuko baita. Aiztondoko herrietan asteak daramatzate lanean Martxoak 8aren inguruko ekitaldiak antolatzen. Aurtengoan, inoiz baino indartsuago datoz emakumeak eta egun bateko aldarria aste osora edota hilabete osora zabalduko dute zenbait herrik, esaterako, Adunak eta Zizurkilek.

Solasaldiak, ikus-entzunezkoak, kalejirak, tailerrak... hamaika ekitaldi antolatu dituzte martxoan zehar; beti ere, festa giroan eta modu parte-hartzailean ospatzeko.

Asteasu
Asteasun, zortzi emakume inguru ari da Martxoak 8ko ekitaldi sorta antolatzen. Egun handian, Aiztondoko auto karabanara batuko dira. 08:30ean bilduko dira Asteasuko Lamiategi aparkalekuan. 10:30ak aldera Tolosara iritsiko dira, eta eguerdirako herrira itzuliko dira. Kultur Etxearen aurrean ekitaldi berezia egingo dute. Bertan, egunaren harira egiten den aldarriak duen garrantziaz hitz egingo dute. Ekitaldiaren ostean, Zizurkilera jaitsiko dira Aiztondoko emakumeekin batera bazkaltzera. Eta arratsaldean, Donostian 19:00etan egitekoa duten manifestaziora joango dira, elkarrekin.

Asteasuko emakume taldetik adierazi dutenez, "herriko emakumeei gurekin batzeko deia luzatzen diegu, Martxoaren 8a elkarrekin ospatu dezagun".

Ekitaldiek jarraipena izango dute hurrengo egunetan. Martxoaren 9an, kalejiran aterako dira herriko emakume trikitilariekin, 12:30ean hasita. Ondoren, Iturriondo jatetxean bazkalduko dute, eta arratsaldean, dantzaldi karaokea ospatuko dute.

Martxoaren 10ean, Donostiako Lilatoian hartuko dute parte. 09:00etan abiatuko da autobusa geltokitik. Autobuserako izena-emateko zerrenda Mattin liburu-dendan eta Iturriondo jatetxean egongo dira. Martxoaren 9ko Bazkarirako txartelak ere bertan egongo dira 21 eurotan, eta gazte langabetuen kasuan 15 eurotan. Arratsaldean, "Erradikalak gara" ikuskizuna izango da udaletxean, 18:00etan.

Aduna
Aduna izango da lehena Emakumeen Eguneko aldarria egiten. Gauerdian, zortzi suziri jaurtiko dituzte plazan, eta Udaletxeko balkoian pankarta zintzilikatuko dute, aurrez herritarrek erabakitako leloarekin. Ondorengo ekitaldiak Aiztondoko beste herriekin batera ospatuko dituzte, eta Lilatoira ere joango dira.

Martxoaren 15ean, Virginia Imazek "La recordadora" ikuskizuna eskainiko du kultur aretoan, 19:00etan hasita. Martxoaren 22an, 36ko gerra eta emakumeak ardatz dituen Iban Gonzalezen "Ama, nora goaz?" dokumentala eskainiko dute kultur aretoan, 19:00etan. Martxoaren 28an, haurrei egingo zaie tartea. Kantu Kantoi taldeak "Baziren behin neska abenturazaleak eta mutil abeslariak" ipuina eskainiko du Elordi lokalean, 17:30ean. Egun berean Lilatoian parte hartu duten adunarrek solasaldia eskainiko dute kultur aretoan, 19:00etan.

Martxoaren 30ean batukada tailerra egingo dute 11:00etatik aurrera. Bazkal-ostean, murala pintatuko dute, eta herriko plazan herritarrek argazkia aterako dute lazo morea irudikatuz. Azkenik, apirilaren 6an autodefentsa tailerra egingo dute, egun osoz.

Amasa-Villabona
Gauerdian, Zizurkil eta Villabona batzen dituen zubian elkartuko dira zizurkildarrak eta billabonatarrak, Emakumearen Nazioarteko Eguna iragartzeko. Zarata egingo dute horretarako, eta pankarta jarriko dute. 08:30ean auto karabana antolatu dute kamioien aparkalekutik abiatuta; bertan Aiztondoko emakumeak batuko direlarik.

Eguerdian manifestazioa egingo dute Malkar plazatik Zizurkilgo Joxe Arregi plazara. 14:00ak aldera bertan bazkalduko dute Aiztondoko emakumeek. Janaria norberak etxetik eraman beharko du, baina sagardoa eta salda dastatzeko aukera ere egongo da, horretarako zenbait gizonezko eskaini baitira.

Arratsaldean, Donostiako manifestaziora joango dira elkarrekin. Itzuleran, Akelarrea antolatu dute Malkar plazan 22:30ak aldera. Herriko emakume oro eguneko ekimenetan parte-hartzera animatzen dute.

Zizurkil
Zubimusu zubian ekingo diete aldarrikapenei, gauerdian, billabonatarrekin bat eginda. Eguna argitu denean, auto karabanara batuko dira Aiztondoko emakumeekin batera. Gainerakoan, eguerdian manifestazioa egingo dute, ondoren eskualde mailako bazkaria eta 19:00etarako Donostiako manifestaziora joango dira.

Zizurkildik greba feministara batzeko aldarria egin dute, zapi morea soinean jantziz. "Eskuratu zapi morea eta parte hartu greba feministan". Martxoaren 8az gain, aurreko egunetan nahiz ondorengo egunetan ekimen ezberdinak antolatu dituzte. Martxoaren 2an Ondarruko Emakume Etxea bisitatuko dute, eta egiten duten lanaren berri jasoko dute. Ondoren, bazkaltzera Lekeitiora joango dira. Udal bulegoetan edota Plazida Otaño liburutegian eman behar da izena. 30 euro ordaindu behar dira, eta tokiak izen-ematearen ordenaren arabera banatuko dira.

Hurrengo egunean Zinegoak, Bilboko Gaylesbitrans 16. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiko lan hoberenak eskainiko dituzte Plazida Otaño liburutegiko balioanitzeko gelan, 19:00etan.  Martxoaren 14an, Izaro Lasaren "La vida nos llama" liburuaren aurkezpena egingo dute Plazida Otaño liburutegian, 19:00etan hasita.

Zizurkilgo emakume taldeak pintxopotea antolatu zuen otsailaren 15ean.

Larraul
Martxoaren 7an kazerolada ibiltaria antolatu dute emakumearen egoera salatzeko eta grebaren aldeko aldarria egiteko. 20:00etan abiatuko dira herriko ostatutik.  Martxoaren 8an, Aiztondo mailako auto karabanarekin bat egingo dute. Eta eguerdian Asteasuko ekitaldira gerturatuko dira. Bazkaria Zizurkilen egingo dute gainerako emakumeekin, eta Donostiako manifestaziora ere elkarrekin joango dira. Hurrengo egunean, bazkaria egingo dute herriko ostatuan, eta 18:30ean "Sexijentziak" antzezlana ikusiko dute. Lilatoira ere joango dira 10ean.

Larraulgo emakumeek ere bat egin dute greba feministarekin.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!