Loatzo-Vilafranca, musikak elkartuta

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Lasa 2019ko ots. 22a, 11:12

Otsailaren 14an Loatzo Musika Eskolako ikasleak eta irakasleak Kataluniara joateko autobusean sartu ziren unea.

Elkartrukea egin duten lau egunetan Vilafranca del Penedes herria bisitatzeko eta bertako kultura ezagutzeko aukera eduki dute Loatzo Musika Eskolako 50 ikasle zein irakaslek, beti ere elkarrekin igarotako momentu oro musikaz alaiturik, festa giroan.

Pozik eta esperientzia berriak bizkarrean hartuta itzuli dira eskualdera Loatzo Musika Eskolako ikasleak eta irakasleak. Otsailaren 14tik 17ra bitartean izan dira Kataluniako Vilafranca del Penedes herrian, elkartrukean. Bertako ikasleen etxeetan hartu dute ostatu eta maiatzaren 2tik 5era kataluniarrak etorriko dira hemengo ikasleen etxeetara. Ainhoa Elizondo Loatzo Musika Eskolako eskusoinu irakasleak adierazi duenez, "beso zabalik hartu gaituzte hango ikasleen etxeetan, oso jende irekia da. Oso gustura gaude egin dugun bidaiarekin".

"Maria Dolors Calvet" du izena Vilafranca del Penedes herriko musika eskolak. Hirugarren urtea da bi musika eskolak elkartrukea egiten dutena, eta orain arteko esperientzia positiboki baloratzen dute. "Oso erraza da beraiekin lan egitea, beti elkarlana errazteko gogoa erakusten dute. Harreman pertsonala ere sortzen da", azaldu du Elizondok. Orain arteko esperientzia ona ikusita, etorkizunean ere lankidetzan jarraituko dutela gehitu du.

4 egunetako egitaraua
4 egunetan zehar kontzertuetan eta musikaren inguruko ekintzetan parte-hartzeaz gain, turismoa egiteko tartea ere eduki dute. Egun bakoitzeko egitaraua prest eraman dute.

Lehen egunean, 19:00ak aldera iritsi ziren Vilafranca del Penedes herrira, eta bertako ikasleek haize tailerreko kontzertua eskaini zieten. Ondoren, ikasle bakoitza zegokion familiarekin elkartu zen.

Herria eta inguruak ezagutzeko aprobetxatu zuten bigarren eguna. Lehenik, udaletxean harrera egin zieten, eta ondoren herriko irrati-telebistan elkarrizketatu zituzten. Herriko kanpandorrea eta museoa ere bisitatu zuten, tartean Loatzoko txistu eta dultzainako ikasleek kontzertua eskaini zutelarik. Bazkalaurretik Castellers izeneko talde kulturalarekin giza-dorreak egiten ikasi zuten.

Arratsaldean, kalejira erraldoian ibili ziren kaleetan barrena, bi musika eskolak elkarrekin. "Herritar asko gogoratzen ziren beste urteetan joan izan garela, eta bazekiten euskaldunak ginela. Oso giro ederra sortu zen, eta eguraldiak ere lagundu zuen", azaldu du Ainhoa Elizondok.

Larunbat goiza libre eduki zuten, eta Sitges herria bisitatzeko aprobetxatu zuten. Ikasle bakoitzak zegokion familiarekin bakaldu zuen, eta kontzertu bateratua eskaini zuten arratsaldean. Entseguak luzeak eta nahiko intentsoak izan omen ziren; eta kontzertua ere luze samarra irten omen zitzaien, baina gustura daude lortutako emaitzarekin.

Ekitaldiaren amaieran opari trukaketa egin zuten bertako kultur zinegotziarekin eta Loatzo musika eskolako lehendakariarekin. Loatzotik sagardo kaxak eta gazta eraman zituzten, Euskal Herriko produktuak dasta ditzaten. Eguna amaitzeko elkarrekin afaldu zuten 'Falcons' casteller taldeko kideek lokalean.

Azken egunean agurtzeko dantzak eskaini zizkieten kataluniarrek eta elkarrekin azken argazkiak ateratzeko aprobetxatu zuten. 17:30ak aldera iritsi ziren Villabonara.

Euskal kultura Kataluniara
Euskal Herriko kulturaren zati bat Kataluniara eraman dute Loatzokoek. Euskal abeslarien zenbait abesti eskaini dituzte, esaterako, Kepa Junkerarenak, Ken Zazpirenak, Gatiburenak, Gozategirenak...

Kalejiran ere bi eskolek elkarrekin jo zituzten gurean ezagunak diren kantuak: Beti eskamak kentzen edota Maria Jesus. Baita Kataluniako Sardanak ere.Katalunian kultura zaintzearen garrantziarekiko "kontzientziazio handia" dagoela aipatu du Elizondok. "Asko zaintzen dute bertako kultura, bai Udaletik eta bai erakundeetatik".

Maiatzean kataluniarrak Euskal Herrira
Aurrez aipatu bezala, maiatzaren 2tik 5era etorriko dira Euskal Herrira Vilafranca del Penedes herriko ikasleak eta irakasleak. Etortzeko gogotsu daudela adierazi du Elizondok.

Oraindik egitaraua guztiz erabakita ez dagoen arren, Katalunian antolatutako zenbait ekintza errepikatuko dituzte, besteak beste bi eskolen arteko kontzertu bateratua eta kalejira erraldoia. Loatzok eskolak dituen herrietan ospatuko dira ekimenak, horien artean daude Amasa-Villabona, Zizurkil eta Aduna. Turismo gisa, Altzo bisitatuko dute, Altzoko Handia pertsonaiaren aitzakian.

Gurasoei eskerrak
Loatzo Musika Eskolatik eskerrak eman nahi dizkiete Kataluniara joan diren ikasleen gurasoei erakutsi duten prestutasunagatik:"Eskerrak eman nahi dizkiegu gurasoei bidaiari garrantzia eman diotelako, eta prest agertu direlako maiatzean etorriko diren Kataluniako ikasleak etxean hartzeko". Ikastetxeetako irakasleen jarrera ere eskertu dute, ikasleek egin beharreko azterketak egunez aldatzeagatik. Horretaz gain, Loatzoko bidaia babestu duten zortzi Udalei ere esker ona adierazi nahi diete musika eskolatik.

Loatzo indartuta
17. ikasturtea du aurten Loatzo Musika Eskolak. Zortzi herritan ditu eskolak, hala nola Amasa-Villabonan, Zizurkilen, Adunan, Anoetan, Iruran, Ibarran, Alegian eta Altzon. "Beti erronka berriak ditugu aurretik. Egoera eta garai berrietara egokitzen ikasi dugu, proiektu berriak gauzatuz". Azken finean, Loatzo herri txikien "enbaxadore" bihurtu dela gehitu du Elizondok.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!