Irene Urruzola: "Haurrentzako ahal ditugun ekimen guztiak antolatzen ditugu"

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Lasa 2019ko ots. 22a, 10:00

Zizurkilgo familia bat elkarlanean eraikitako herriari begira.

Martxoaren 7 arte egongo da ikugai "Umeen herria" erakusketa Plazida Otaño liburutegian, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara eta larunbatetan 9:30etatik 13:30etara. Xehetasun gehiago Irene Urruzola Plazida Otaño liburutegiko langilearen eskutik.

50 haur eta gaztetxotik gora eman dute izena "Umeen herria" izeneko erakusketan parte hartzeko. Plazida Otaño libutegiko langileak harrituta eta pozik daude eskualdeko  haurrengan eta gaztetxoengan eduki duen arrakasta ikusita. Dagoeneko hurrengo ekimenean parte-hartzeko deialdia zabaldu dute, eta hasiak dira emaitzak jasotzen.

Zer da erakusketan ikusiko dena?
Etorkizuneko bailara edo herri bat ikusiko da. Horixe proposatu genuen misio gisa oraingoan. Erakusketa "Motxila ibiltaria" ekimenetik dator. Izena ematen duen familia bakoitzarentzako motxila bat prestatzen dugu etxeko txikien adinaren araberako produktuak sartuz, hala nola ipuinak, jolasak, filmak... Beti ere misio bati lotuta, eta oraingo misioa arkitekturarekin eta hirigintzarekin zerikusia duena izan da. Urtarrilean jarri genuen martxan egitasmoa, eta hain harrera ona izan du  erakusketak, 50. etxea jasotzean deialdia eten egin behar izan dugula.

Zein helburu du erakusketak?
Helburua haurren sormena lantzea da. Etxea eraikitzeko plantila eman genien eta horrik abiatuta eraiki dute etxea. Gure lana jasotako etxeak antolatzea eta herri itxura ematea izan da; kaleak, mendiak edota bideak gehituz.

Bereziki arreta deitu dizun etxerik bada?
Asko. Librea izan da guztiz. Mota ezberdinetako etxeak iritsi zaizkigu: Udaletxea, liburutegia, bi eskola, gozoki denda... Gainerakoak etxe arruntak dira.  Txikienak marrazki gehiagorekin apaindu dituzte etxeak, eta zaharrenek detaile zoragarriak gehitu dizkie, esaterako, amona leihotik agurtzen, baratzea, pilotalekua... 

Zein adin tarteko haurrek har dezakate parte?
2 urtetatik 12-13 urte bitarte arte. Eskualdeko herrietakoak izan ohi dira, Asteasu, Larraul, Aduna, Zizurkil eta Amasa-Villabona. Txikienak gurasoen laguntza edukitzen dute, eta handiagoek bakarrik egiten dituzte. Misio bat bete bezain pronto hurrengoaren zain daude. Oso gogotsu hartzen dute parte.

Hurrengo misioa aurreratzerik?
Eskulturarekin du harremana. Mustro bat osatu beharko dute. Jada hasi gara munstroak jasotzen [kar kar kar]. Azken hori ta gero hurrena ekainean izango dela aurreikusten dugu, ikasturte amaieran, oporretara begira azkeneko motxilak prestatzeko.

Txikiei eta gazteei begira, ekimen ugari antolatzen dituzue Plazida Otaño liburutegian. Arrakasta duten seinale...
Haurrentzako ahal ditugun ekimen guztiak antolatzen ditugu. Ipuin-kontaketak, esaterako, gurasoek antolatzen dituzte hilean behin. Jolasak ere antolatzen ditugu. Harrera ona duten bitartean ekintzak antolatzen jarraituko dugu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!