Villabonako Malkar plaza paretik abiatuko da XVI. Aiztondoko Klasikoa, 10:00etan. Guztira 175 txirrindularik hartuko du parte; 25 talde eta talde bakoitzetik 7 txirrindularik. Talde bakoitzeko lau kide gutxienez 23 urtez azpikoak izango dira. Joxe Ramon Aiertza Asteasuko Aitzondo Txirrindulari Elkarteko kideak adierazi duenez, "lehenik Ordiziara joango dira txirrindulariak. Itzuleran Alkizara igoko dira, eta ondoren sei herri arteko ibilbidean sei itzuli egingo dituzte". 131,5 kilometro ditu lasterketak. Helmuga Adunan izango da eta lehen sailkatuak 13:30ak inguruan espero dituzte.
Lasterketa zuzenean Adunatik
Berrikuntza gisa, Adunan pantaila handia ipiniko dute lasterketa zuzenean ikusteko, streaming bitartez.
Afizionatu mailan izen handiena duen lasterketa da Aiztondokoa. "Jende asko etortzen da ikustera eta ziurtatuta dago maila horretako txirrindulari onenen parte-hartzea". Maila horretako lasterketak Espainia mailan zortzi bakarrik izaten direla gehitu du Aiertzak.
Aiztondoko Udalen babesa
Aiztondoko Klasikoa bailarako sei Udalek babesten dute, hala nola Amasa-Villabona, Asteasu, Zizurkil, Aduna, Larraul eta Alkizako Udalak.
Amasa-Villabonako alkate den Maite Izagirrek "ohoretzat" du zaletuen babesa duen probari harrera egitea. Bestetik, Patxi Alkortaren oroimenezkoa ere bada Aiztondoko Klasikoa eta hori gogora ekarri nahi izan du alkateak: "Gure herriko kirol dinamizatzailea izan zen, gizarte egoera zein politikoek kirol ekintzei laguntza handiegirik ahalbidetzen ez zuen garaian".
Horrelako ekintzek txirrindularitzarekiko afizioa mantentzea, eta agian, handitzea ere lortzen dutela dio Josu Amilibia Adunako alkateak; gehituz Adunako herriak apustu garbia egiten duela aisialdi, kirol eta ohitura osasungarrien alde, eta baita kulturaren alde ere.