Martxoaren 17an ospatuko da Larraul-Ernio-Larraul mendi lasterketa, bederatzigarren urtez. Hogeita bost pertsonen artean antolatzen dute lasterketa eta Andres Aristi antolatzaile nagusiak adierazi duenez, "geroz eta gazte gehiago animatzen da lasterketan parte hartzera, baita emakume gehiago ere". Iaz 188 korrikalarik hartu zuen parte eta aurtengoan ere kopuru horretara heltzea espero dute.
15 kilometroko ibilbidea da. Larraulen hasiko da mendi lasterketa 10:30etan. Ernioraino joan-etorria egin eta Larraulen amaituko dute. Iazko garailea Hassan Ait Chaou izan zen 01:16:29ko denborarekin, eta emakumezkoetan, Leire Baraibar 01:39:06 eginez.
Omendua, Gaspar Esnaola
Omenaldia ere egin ohi dute lasterketa egunean eta aurten, Gaspar Esnaola urnietarra izango da omendua. Esker hitzak ditu Esnaolak: "Ez nuen espero. Pozgarria da antolatzaileek nitaz pentsatzea omenaldia egiteko".
Donostiako bi maratoi irabazi zituen, bata 1981ean eta bestea 1983an. Lehen hori bereziki du gogoan. "Lo hartu nuen, eta entrenatzailea bozina joz autoan etorri zen nire bila. Zapatilak autoan jantzi eta gosaldu gabe joan nintzen. Pertsonaren mugak ez dakizkigu non dauden".
1975ean hasi eta 1988an utzi behar izan zuen atletismoa, lesio bat tarteko. "Seuleko olinpiadetara joateko Madrilen entrenatzen ari nintzela txorkatilako hezur bat apurtu nuen. Bertan amaitu zen nire kirol ibilbidea".
Egungo atletismoa nola ikusten duen galdetuta, zera erantzun du Esnaolak: "Oraingo gazteek ez dute sakrifiziorik nahi. Ekipoko kirolak errazagoak dira, eta horrek ere mugatzen du. Lehen ez zegoen horrenbesteko kirol aukerarik".
Izen-ematea
Lasterketarako izena kirolprobak.com webgunean eman behar da eta 12 euro ordaindu behar dira. Egunean bertan izena eman nahi izanez gero, 15 euro ordaindu behar dira.