Berrikuntza handia Aiurri.eus webgunean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2019ko mar. 22a, 11:37

Webgune berria

Martxoaren 20an hasita, irakurleen begietara Aiurri.eus webgunea eraberrituta bistaratzen ari da. Tokikom toki komunikabideen bateraguneak duen Plataforma digitalean murgildu da Aiurri. CodeSyntax enpresak garatu du plataforma.

Bertsio berria informazioa gailu mugikorretan kontsumitzeko diseinatuta dago, bereziki. Internet sareko audientzia handiena gailu horietan baitago. Diseinuan aldaketa handia dago, irudiak eta testuak modu argiagoan bistaratzeko xedearekin. Teknikoki, gainera, aldaketa handiak egon dira. Aurrerantzean kazetariari albisteak mugikorretik zuzenean argitaratzeko aukera nabarmen erraztuko zaio.
Aiurri eta Euskal Herriko beste hamasei tokiko hedabide murgildu dira egitasmo berrian. Hilabeteetako prozesuan. Aiurrik bidelagun izan ditu Tokikom eta Codesyntax. Plataforma digitala erabiltzen ari diren hedabideen artean aurki daitezke Debagoienako Goiena, Lasarte-Oriako Txintxarri edota Usurbilgo Noaua.
Tokikomentzat estrategikoa izaten ari da Plataforma digitalaren zabalkundea: Gailu mugikorren bidez informazioa zabaltzeko, pantaila aniztasunera egokitzeko, publizitate eremu berrietara iristeko, multimedia aukerak biderkatzeko edota kazetaritza digitalean eta parte hartzean sakontzeko.

Plataforma berriaren erabilerarekin, bisitaldi kopurua nabarmen areagotu zaie hedabideei. Tokikomek esku artean dituen datuen arabera, “plataforma horren gainean lanean diharduten hedabideak sektoreko interneteko batezbesteko hazkundearen gainetik hazi dira”. Aiurri.eus webgunearen xedea ere hori litzateke, datozen hilabeteetan.

Urteak dira Aiurri.eus webgunea martxan dagoela. Horrez gain, Facebook eta Twitter sareetan oso aktiboa da Aiurriren ekimena. Instagram sarean ere lehen urratsak ematen ari da, orain arte proba modura Andoaingo edukiak zabalduz.

Doikuntzak egiteko egunak dira hauek, baina dagoeneko Aiurriko irakurleek plataforma berriaren abantailez gozatzeko aukera dute. Aiurri hamaboskariaren 25. urteurrena ospatzen den 2019 honetan, Aiurriko erredakzio batzordea atzera ez, baizik eta aurrera begira jarrita dago.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!