Udaletxeko balkoitik emango zaie hasira festei eta txupinazoa ostiralean, arratsaldeko 20:30etan jaurtiko da. Hala ere txupinazoaren aurretik hainbat ekintza ere izango dira. Esate baterako, Altxorraren bila, yinkana, kale antzerkia eta herriko buruhandi eta erraldoien kalejira Bosko anitz txarangarekin. Gauean berriz, afari tematikoa izango da (tribu urbanoak) Poxta Zahar elkarteak antolatuta.
Larunbat goiza ere ekintzaz beterik izango da Egape Dantza Taldearek eskutik. 11:00etan dantza saioak izango dira Idiazabal kalean eta ordu erdi beranduago ostera, txikien txanda izango da San Joan plazan. Halere, emanaldi nagusia eguerdiko 12:30ean izango da Plazido Muxika plazan. Eguerdian baita, Poxta Zaharrek antolaturiko poteoari emango zaio hasiera eta 14:30ean bazkariak hartuko du lekukoa. Arratsaldean berriz, kirola gustuko dutenentzat Zunbaton eta Urnieta Warrior proba izango dira Wu Tao elkartearen eskutik San Joan plazan. Elektrotxaranga ere izango da 18:00etatik aurrera eta eguna amaitzeko kontzertua.
Igandean goizeko 10:00etan Txanbolin txistulari taldeak diana joaz alaituko ditu kaleak. Goizean zein arratsaldean Egape ikastolen txikienentzako joko zein puzgarriak ere egongo dira eta 12:30ean Txanbolinek kontzertua eskainiko du. Arratsaldean, erraldoi eta buruhandiak izango dira, eta ondoren, aurtengo jaiei amaiera emango zaie.