Urnieta gero eta herri atsegin eta irisgarriagoa lortzeko bidean beste aurrerapauso garrantzitsua eman nahi du udalak Zaldundegi jatetxearen parean dauden bi aldeetako espaloiak bi metrora zabalduta. Espaloiak zabaldu ahal izateko errepideko bi errailei zati bat kenduko zaie; ibilgailuentzako errail bakarreko semaforodun ordezko pasabidea egingo da. Obra hori gauzatu aurretik, ordea, froga epealdi bat gauzatu du udalak irtenbide egokia dela baieztatzeko. Horretarako, errepideko puntu horretan errail bakarra sortzeko behin-behineko barrerak jarrita egon dira azken hilabeteetan.
Aldaketa horrekin lotuta beste hiru ere jarri ziren abian. Horien artean aurkitzen zen taxi parada zaharretik Idiazabal kalerako irteera, derrigorrean eskubiruntz irteteko ipini zena. Froga epealdian herritarrek helarazi diote udalari taxi-parada zaharretik eskubira irteteko aukera bakarrik eskainita, herriko gune jakin batzuetara joateko ibilbide luzea egin behar dela. Beraz, eskaera horiek aintzat hartuta, berriro ere Hernanira eta Andoain aldera irtetea ahalbidetuko du udalak, aukera horrekin auto pilaketak sortzen diren edo ez ikusteko. Auto pilaketarik sortzen ez bada horrela mantenduko da obra amaitzean, eta, gainerakoan, egungo egoerara itzuliko da.