Nola erabaki zenuten taldea sortzea?
Ivan Ropero: Hasiera batean beste talde batean nenbilen baina hura utzi eta Iñaki, Aitor eta Markelekin beste talde bat sortzea erabaki nuen.
Iñaki Mujika: Instagrametik ezagutu nituen, eta uda amaieratik hona daramagu 'cover' delakoak egiten eta gure abesti propioak sortzen. Oraingoz gehienbat besteen musika egiten dugu baina saiatzen gara gure abestiei ere tokia egiten.
Zein musika estilo egiten duzue?
Iñaki: Rock eta metal musika, eta gure kantu sortaren artean baladaren bat ere badugu. Bakoitzak gure gustu musikalak ditugu eta hori ere lagungarria da errepertorioa kantu ezberdinekin osatzeko garaian.
Nondik dator taldearen izena?
Ivan: Latineraz, beti hobetu nahia da bere esanahia. Izena Gost taldearen diskotik hartu genuen.
Zenbat denbora daramazue?
Iñaki: Orain arte bi kontzertu eman ditugu. Asteasun joko dugu jaietan, uztailaren erdialdean Zizurkilgo Atxulondon eta baita Zizurkilgo jaietan ere.
Gozategirekin batera jotzeak esanahi berezia al du zuentzat?
Ivan: Gure lehen aldia izango da herriko festa batzuetan, eszenatoki batean eta benetako soinu ekipo batekin. Eta, gainera, Gozategirekin. Ikaragarria da.
Iñaki: Oso kontzertu gutxi egin ditugu, eta horren ezaguna den talde baten ondoren jotzeak asko motibatzen gaitu. Gainera, Gozategi ikustera jende asko gerturatuko da. Ikusleengana iristarazteko modu egokia da.
Taldea sortuta, zeintzuk dira zuen hurrengo urratsak?
Ivan: Abestiak forma hartzen joaten direnean ikusiko dugu. Gure kasa ari gara gure maketak grabatzen, eta Spotify-n ere entzungai gaude.
Jaietako kontzertuaren atarian, zer esango zenieke ingurukoei?
Iñaki: Ondo pasatzera etor daitezela, gure abestiez gain, estilo eta hamarkada ezberdinetako kanta ezagunak joko ditugulako. Eta, gainera, hiru hizkuntzatan: euskaraz, gazteleraz eta ingelesez.
Ivan: Kantu gehienak rock kutsukoak badira ere, punk, hard rock, metal eta beste hainbat estilo ere jorratzen ditugu. Zerbait ezberdina entzun nahi duenak, anima dadila. Guztion artean, seguru nago, ondo pasako dugu.