Kaletxikiko Jaiak 2019

Hugo Lorenzo, Kaletxikiko jaietako kandido

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Lasa 2019ko eka. 28a, 10:00

Hugo Lorenzo kaletxikitarra izango da aurten Kandido, ostiralean hasiko diren Kaletxikiko jaien pertsonaia nagusia.

Hugo Lorenzo Andoaingo Kaletxiki auzoko jaietako Kandidok harrotasunez hartuko du ardura hori; “beldur eszenikoak” pittin bat larrituko duela aitortu arren. Kandidoren azalean, halere, azkar batean murgilduko dela uste du.

 

Zerk animatu zaitu Kandido izatera?

Pauso bat aurrera emateko gehiegi pentsatu beharrik ez duen horietakoa naiz, eta Jai batzordekoak nigana proposamenarekin etorri zirenean, ez nuen zalantzarik eduki. Ohorea da auzotarrak nirekin gogoratu izana, eta saiatuko naiz eskatu didatenarekin ahalik eta txukunen kunplitzen.

Iruditzen zait Kandido ez dela pertsonaia historiko bat, baizik eta Kaletxikiko jai herrikoiarekin identifikatzen dena, eta beraz, uste dut nire nortasunarekin bat etor litekeela, neu ere festazalea naizen aldetik.

Zer ari zaizu esaten jendea, izendapen ofiziala egin denez geroztik?

Sekretupean mantendu nahi nuen, baina ez dago modurik, baten bati ihes egin baitzion notiziak! Nire bikoteak jakin zuenean, “honetara ere apuntatu al zara?’” izan zen bere erreakzioa. Geroztik jakin dut zenbait auzotarrek uko egin izan diotela Kandido izateko aukerari. Lotsagatik, edo eta, hiru egunetan karguari seriotasunez eutsi behar zaiolako eta hori ez omen delako erraza izaten, igandera iritsita batik bat. Bizpahiru urte atzera Kandido izandako Ainara Lasa aholkulari fina daukat eginda, eta ostiral gauean etxean geratzeko esana dit; zaintzeko, hurrengo bi egunetan planta onean agertzeko. Saiatuko naiz aholkua betetzen.

Kaletxikiko jaietatik, zer bereiztuko zenuke?

Larunbateko sagardo dastaketa. Jende asko hurbiltzen da, giro ederra sortuz! Urtean zehar auzoan edo herrian oso gutxitan ikusten duzun pertsona ezagunekin egiten duzu topo; horiekin hizketan aritzeko aukera polita izaten da, sagardo zurrutadaren bat eginez eta pintxoren bat edo beste janez.

Zer dauka Kaletxikik, horren auzo txikia izan arren hainbesteko bizitasuna edukitzeko?

Buruntza auzoan jaio eta hezitakoa naiz, eta txikitatik bertan-bertan eduki dut Kaletxiki auzoa; ondo ezagutzen ditut auzoa zein bere jaiak. Bikotea eta biok orain bizpahiru urte Renfeko tren geltokiko etxe zaharrean jarri ginen bizitzen, eta haurra eduki dugunez geroztik eguneko ordu asko Kaletxikin igarotzen ditugu. Bertan egin dugu kuadrilla, eta gure mugimenduen eremua Buruntza tabernak, Patxiren harategiak eta janaridendak osatzen dute. Esan dezaket Kaletxikiko jendeak gertutasuna eta konfiantza erakusten duela izugarri; geroz eta gutxiago topa daitezkeen iraganeko auzo horietakoa ematen du Kaletxikik. Hernani eta Donostia aldean asko ibilia nago, eta horietan ez dut antzeko auzorik ezagutu.

 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!