Diaporama lehiaketa Buruntzaldeako gazteentzat

Urnietako Gazte Informazio Puntuak III. Bidaien diaporama lehiaketa jarri du abian herriko gazteen mugikortasuna sustatzeko helburuz. Modu honetan, gazteek azken urte hauetan bizi izan dituzten esperientzia interesgarrien berri emateko modua izanen dute.

Urnietan, Hernanin, Astigarragan, Usurbilen, Andoainen eta Lasarten bizi, ikasi edo lan egiten duten eta 2004a baino lehenago jaiotako gazte bidaiazaleek aukera paregabea izango dute eurek egindako bidaiak ezagutzera emateko; esaterako, nolako esperientzia izan zen, nola antolatu zuen bidaia, zein ibilbide burutu zuen, zer ikusi eta ikasi zuen beste askoren artean.

Diaporamak 2012 ondorengo bidaiei buruzkoak izango dira. Ikus-entzunezko materiala eta 30-45 minutuko ahozko aurkezpena izan beharko dute. Aurkezpenak banaka edo taldean egiteko aukera eskainiko da, baina hori bai, taldeko gehienezko parte hartzaile kopurua 4 pertsonakoa izango da.

Izena emateko eta lanak aurkezteko epea urtarrilaren 7an ireki zen eta urtarrilaren 24an amaituko da. Izena Lekaio Kultur Etxean, Gazte Informazio Puntuan edota Urnietako Udalaren webgunean eman ahal izango da.

Sariak ere egongo dira lan onenak egiten dituzten hiru partaideentzako: lehen saria 375 eurokoa izanen da; bigarrena, 150 eurokoa; hirugarrena 75 eurokoa. Saria eskuratu ahal izateko ezinbestekoa izango da lana erakargarria, arina eta argia izatea. Horrez gain, kalitatea eta originaltasuna ere baloratuko dira.

Aurkezpenak eta apaimahaia

Diaporamen aurkezpenak otsailaren 14an, otsailaren 21ean eta otsailaren 28an egingo dira. Garaia iritsitakoan zehaztuko da zein ordutan eta lekutan izango diren aurkezpenak.

Epaimahaia, berriz, ondorengoek osatuko dute: Gazteria zinegotziak, Haurtzaro eta Gazteria teknikariak, gazte informatzaileak eta kirol teknikariak.

Informazio gehiago eta izena emateko aukera esteka honetan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!