Gazteleku Pelota Elkarteak bi partida irabazi dizkio Amezketako Zazpi Iturriri klubari Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan. Hiru partidetatik bi irabazita, Gaztelekuko pilotariek otsailaren 16an final-laurdenak jokatuko dituzte Zumarragako Beloku pilotalekuan Ultzamako Buruzgain elkartearen aurka.
Lehen partida Gaztelekuko Adur Etxezarreta pilotariak irabazi du Xabi Zubiria berrobitarraren aurka, 13 eta 18. Etxezarretak sakearekin min handia egin du eta aurkariari abantaila handia atera dio. Zazpi Iturriko pilotariak ez du partidan sartzea lortu eta zenbait tanto galdu ditu. Pilotakada eta joko gutxiko partida izan da, baina Gaztelekukoak hobeto baliatu ditu aurkariaren hutsegiteak.
Bigarren partida banaka frontoi osoan izan da. Ioritz Egiguren Zazpi Iturri elkarteko pelotaria erraz gailendu da Mikel Arrateren aurka, 18 eta 2 amaitu da partida. Arratek ez du aukerarik izan oso seguru eta indartsu aritu den Egigurenen aurka. Gauzak horrela, azken partidan erabaki da guztia; hots, irabazlea hurrengo fasera igaroko da.
Azken partida binakakoa izan da, Zabala-Aizpuru eta Eskudero-Elizegiren artean. Bikoteak ezagunak, elkarren artean jokatutakoak eta entrenatutakoak. Partida ikusgarria eta oso parekatua izan da; azkenean Eskudero eta Elizegi gailendu dira 18 eta 22. Edonork irabaz zezakeen partida; bi atzelariak sendo, seguru eta indartsu aritu dira partida guztian zehar, pilotakada ikusgarriak eman dituzte. Aurrelariengan, berriz, segurtasun falta nabaria zen pilotakada batzuetan, baina tanto ikusgarriak ere jokatu dituzte. Laburtuz, partida gogorra, ikusgarria eta maila handikoa izan da.