Zenbat urterekin hasi zinen lehiatzen eta zein taldetan?
Kadete mailako lehen urtean hasi nintzen lehiatzen Gipuzkoa Ogi Berri Tolosako taldean. Aurten Andoaingo Txirrindulari Eskolara pasa naiz.
Nolako entrenamenduak egiten dituzu mailari eusteko?
Orain arte kirol mota ezberdinak egin ditugu; mendian ibili gara, eta igerilekura eta gimnasiora ere joan gara. Arlo fisikoan zentratu gara gehienbat. Horrez gain, astelehen, asteazken eta ostiraletan pistara joaten naiz entrenatzera; larunbatetan eta igandetan errepidean ateratzen gara. Ostegunetan, esan bezala, gimnasiora joaten gara eta, orain arte, larunbatetan 4 orduko mendi bueltak egin izan ditugu.
Gipuzkoako txapelduna zara pistako modalitatean. Zein ezberdintasun daude pistako eta errepideko txirrindularitzaren artean?
Konplementarioak direla esan daiteke; hau da, errepidean ondo moldatzeko pistan ibiltzea ondo datorkizu, gainera neguan ez duzu aukera askorik kanpoan entrenatzeko.
Pistako lasterketak biziagoak izan daitezke, eta ez duzu mendaterik igo beharrik; denbora guztian toki berdinean biraka egoten zara. Horrez gain, lasterketen iraupena ezberdina izan daiteke, egiten diren buelten arabera. Nik, oro har, 15-20 eta 40 birako lasterketak egiten ditut.
Norbanakoak duen gaitasunen arabera, egokiagoa da pistan lehiatzea errepidean baino, baina pertsonen araberakoa da hori. Nire kasuan, igoerak ez zaizkit oso ondo ematen, beraz, zailagoa egiten zait errepideetan korritzea.
Pistako lasterketak arriskutsuak izan daitezke?
Pistan ez daude aldapa beherak eta bihurgune zailak, beraz, erortzeko aukera gutxiago dago; baina eroriz gero, kankatekoa handia izan daiteke.
Esanak esan, pistako bizikletek ez dituzte frenoak. Hortaz, peraltean gora igotzen garen heinean abiadura jaisten hasten gara eta gutxinaka frenatzen.
Nolakoa izan zen Gipuzkoako txapelketako garaipena?
Ez nuen espero. Txapelketan lau froga egiten dira. Lehenengo bi frogak ondo egin nituen; hirugarrengoan, berriz, teknika eta bizitasuna behar dira, eta oso gaizki aritu nintzenez laugarren postuan gelditu nintzen, 30 puntura. Edozein modutan ere, azkeneko froga puntuazioarena zen, eta nahiko ondo moldatzen naiz. Horrela ba, puntu asko lortu nituen eta lehenengo postura igaro nintzen.
Euskal Selekzioarekin ere korritu duzu...
Bai hori da. Bigarren urtean Espainiako txapelketetara joan nintzen, eta aurrekoan txapelketa eta Kopan parte hartu nuen. Aurten, berriz, Kopan korritu dut Sevillan, eta, laister, Madrideko Kopa eta Tafallako txapelketan lehiatuko dut.
Espainiako selekzioarekin ere bi konzentraziotan parte hartu dut, bata azaroan izan genuen eta bestea abenduan. Horrez gain, ez dakigu otsailean beste bat izango dudan.
Etorkizunari begira non lehiatu nahiko zenuke, pistan ala errepidean?
Nahiago dut errepidean korritzea, politagoa iruditzen zait, baina agian emakumezkoentzako aukera gehiago daude pistan. Azken finean, ez da horren ezaguna, eta aurrera irtetzea errazagoa dela pentsatzen dut. Gainera, iparraldeko herrialdeetan txirrindularitzak garrantzia handia du, pistakoak batez ere, eta asko bultzatzen dute.