Leizaranek Egia Baztarre taberna taldeari 30-29 irabazi zion Allurralden joan den igandean jokatu zen partiduan. Donostiako taldea ligako lider gisa zetorren Andoainera, eta nahitaez, Leizaranek menden hartu beharra zeukan haren gainetik jartzeko. Asko zegoen jokoan, eta zaletuek Allurraldeko harmailak jendez lepo jarri zituzten, Leizarango mutilak animatzeko irrikatan. Partidua guztiz lehiatua eta emozioz beterikoa ikusi ahal izan zuten, eta garaipenarekin gozatzeaz gain maila handiko eskubaloia ikusteko aukera eduki zuten.
Lehen zatian Leizaran aurretik iritsi zen (17-15), eta alde horri eusten jakin zuen bukatu arte, eta azkenean gol bakar baten aldea atera zion aurkariari.
Igandeko garaipen horri esker, Leizaran jubenilen mailan Gipuzkoako txapelduna da jada, nahiz eta txapelketa amaitzeko neurketa bakarra geratu. Zazpi taldek ekin zioten Gipuzkoako txapelketako 2. faseari: Egia Baztarre Taberna, Ereintza Beissier, Bacalaos Santymar Hondarribia Bidasoa, Urnieta Guria Jatetxea, Egia Endika Harategia, Ordizia Orkli eta Leizaran.
Leizaranek Urnieta Guria Jatetxearen kontra jokatuko du ligako azken partidua. Igandean, 12:00etatik aurrera izango da neurketa, Urnietako kiroldegian.