Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak bi urte daramatza pentsio duinen alde astero mobilizatzen; bide horretan, pentsioen eremuaz gaindi, modu zabalagoan “planto” egiteko beharra plazaratu dute, euren aldarrietatik harago joateko asmoz. Duela sei urte, sindikatu eta eragile sozial ugarik herritarren eskubide sozialak biltzen dituen Karta osatu genuen, prozesu parte-hartzaile baten bidez. Orduz geroztik eskubide horien aldeko ekimenak antolatu ditugu. Orain, mugimendu bien arteko konfluentzia eman da, pentsiodunen eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren artekoa, alegia.
Gaurko pentsiodunei eta etorkizunekoei, guztioi eragiten digun borroka da pentsio sistema publikoa defendatzea, lan harremanetarako eta babes sozialerako sistema propioa lortzea, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatzea, jubilazio adina murriztea, edota eros-ahalmena legez bermatzea.
Gainera, Greba Orokorrarekin, eta aurretik lantzen ari garen dinamikarekin, prekarietatearekin amaitu eta lan eta bizi baldintzak duintzeko neurriak hartzeko beharra jarri dugu mahai gainean, horien artean: lanaldia 35 ordura jaistea, 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea, soldata-arrakala amaitzea nahiz azpikontratazioetan enplegua eta lan-baldintzak bermatzea.
Era berean, egun ukatuak diren eskubide sozialak aitortzea erreklamatzen dugu; alokairu sozialeko etxebizitzak bermatzea, zein menpekotasun egoera guztiei erantzun egokia ematea, zerbitzu sozialen sistema publiko, unibertsal eta doakoaren bidez. Bizitza erdigunean jarriko badugu, ezinbestekoa da zaintza lanak ikusarazi, duindu eta bermatzea.
Garaia da azken urteetan murrizketekin kendu diguten guztia berreskuratzeko, eta dagozkigun eskubideen alde kalera ateratzeko. Pentsio, lan-baldintza eta bizitza duinak nahi ditugu eta lortu arte borrokan jarraituko dugu, planeta suntsitzen ari den sistema ekonomiko eta sozial kapitalista, neoliberal, patriarkal honek ezartzen duen logikaren aurka.
Honela gauzak, erabaki dugu lan baldintza, pentsio eta bizitza duinak bermatuko dituzten neurrien aldeko mobilizazio dinamika abiatzea.
Ondo dakigu presioa egitea beharrezkoa dela patronalak eta instituzioek (Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Espainiar Gobernua) gure eskakizunen aurrean amore eman dezaten. Horregatik, datorren urtarrilaren 30ean, Greba Orokorra.