Nondik nora dendaren ardura hartzeko erabakia?
Gure ugazabak erretiroa hartu zuen, eta guri luzatu zigun ardura hartzeko proposamena. Negozioa geuk hartzea edo hirugarren pertsona bat bilatzea, bi aukera horiek zituen buruan. Eskaintza kontuan hartu eta ordutegietan eta oporraldietan lortutakoa balioan jarri genuen. Ez genuen atzera egin nahi, lorpen horietan. Gure egoera aldatu zitekeen, hirugarren pertsona sartuz gero. Orain ere aldatu da egoera, baina hobera esango nuke. Beraz, gure bizitza pertsonala kontuan harturik, ardura guregain hartzea erabaki genuen.
Hobea al da norberarentzat lan egitea? Zein abantaila eta desabantaila ditu arduradun izateak?
Norberarentzat lan egitea hobea da, besteen baimenen zain egon gabe egon zaitezkeelako. Baina ardurak handiagoak dira. Lehen urtean bereziki, eta martxa hartu arte, udan ere lanean egon behar izan dugu. Baina esperientzia ona izan da.
Denda nola dagoen ikusita, eta bezeroen erantzuna ikusita..., oso esperientzia ona izaten ari da. Merezi du.
Auzoko denda da, zuena.
Zein harreman mota sortzen da bezeroekin?
Oso ona. Anak hemen bost urteko esperientzia zuen, eta neuk hamabostekoa. Beraz, bezeroarentzat aski ezagunak gara. Emakumeak haurdun ikusi ditugu, haur piloa jaiotzen ikusi, auzotik joan den jendea, auzora etorri diren bizilagun berriak... Aldaketak egin ditugu dendaren egituran, eta produktu berriak txertatu ditugu.
Dendariak betikoak gara, eta bezeroak ondo hartu ditu aldaketa eta moldaketa guztiak.
Konfiantza sortzen dugu, eta esate baterako, Andoaingo Caritasek gure dendan egiten ditu erosketak, eta baita ere La Salle-Berrozpeko irakasleek ikastetxean hainbat ekimen antolatzen dituztenean.
Zer da auzotarrek gehien kontsumitzen dutena?
Ogia eta fruta saltzen dugu gehien. Likidoak ere, ura bereziki. Bitxikerien artean, Tolosako baserri batetik ekartzen ditugun letxugek harrera bikaina izaten dute. Bertako yogurtak, Mahalakoak. Berriki txertatu ditugu gure eskaintzan eta oso harrera ona izaten ari dira.
Ekoizleekin eta hornitzaileekin zer nolako harremana duzue?
Oso ona. Gaztañagako sagardoa bertan saltzen dugu, eta lehen aipatu ditugun letxuga-saltzailearekin eta Mahalakoekin harreman zuzena eta gertukoa dugu.
Rosario bertako ekoizle baten babarruna saltzen dugu, eta erosleek oso ona dela diote.
Andoaingo baserritar batek hurrak eskaini dizkigu, eta salgai jartzeko asmoa dugu.
Tokiko merkataritzak gertutasuna eskaintzen du. Zer duzue zuek esateko?
Hauxe dela gure ogibidea. Elkarren artekoa da gertutasuna. Merkatalguneetan harremana askoz hotzagoa da, eta muga asko jartzen dituzte. Denda honetatik sartzen denak kaixo esateko duen moduagatik, ia bizitza osoko bezeroa dela esan daiteke. Erosle batzuk oporretara joan eta handik ekarritako oparitxoren bat ekartzen digute. Detaile horiek tokiko merkatariekin ematen dira, saltzaile handiekin ez.
Zer egin daiteke tokikoa sustatzeko?
Herrian bertan erosketa egitea. Hau da, Andoainen. "Ondarreta janari denda, zure auzoko dena", horixe da gure lema.