"Debut berezia izango da, bi lagunen aurka jokatuko baitut"

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Arberas 2020ko urt. 24a, 13:54

Garfe enpresa errioxarrarekin egingo du debuta gaur gauean, urtarrilak 24, Julen Aizpuru pilotariak, 22:00etan hasita, Asteasuko Usarrabi pilotalekuan. Partida berezia izango da, Mendizabal III-rekin jokatuko baitu lagunak dituen Urruzola eta Urbietaren aurka.

Julen Aizpuru 21 urteko asteasuarra da. Bizitza guztia darama esku pilotan jokatzen eta, azkenean, gaur gauean egingo du debuta Garfe enpresa errioxarrarekin. Zenbait lesio eta zailtasun izan du azken urteetan, baina maila ona erakusten ari da, eta ukaezina da punta-puntako pilotaria dela, eta lan handia egin duela bertara iristeko. 

Ostiralean Asteasun egingo du debuta, Garfera batu den Mendizabal III pilotariarekin batera. Bikote izango diren bi herrikideren aurka jokatuko du, Julen Urruzola eta Xabi Urbietaren aurka.

Urteak daramatzazu eskuz jokatzen eta Euskal Herriko hainbat frontoi ezagutuko zenuen...
Halaxe da. Gutxi gorabehera sei urte nituenean hasi nintzen pilotan jokatzen eta, beraz, hainbat frontoietan jokatzeko aukera eduki dut. 

Ia beti bi hormako frontoietan jokatu izan dut, estaliak edo estali gabeak. Udara iristean eguraldi ona dela eta, askotan frontoi irekietan jokatzea egokitzen zaigu. Bitxikeritzat, hiru hormako frontoian ere jokatu izan dut, Zumaiako Artadi auzoan.

Euskal Herritik kanpoko pilota jaialdietan ere hartzen al duzu parte?
Gaztetan Errioxan lehiaketa aski famatua egiten zen, "Errioxako Gobernua Txapelketa". Txapelketa hori urtero jokatzen nuen. Hala ere, jokatzen ditudan partida gehienak jaialdietakoak dira.

Urtetik urtera maila hobea erakusten ari zara, eta partida askotan nabarmentzea lortu duzu.  Egun, Garfe enpresako kide zara...
Pilotariok astean zehar entrenatzen dugu eta asteburuetan txapelketak jokatzen ditugu; gauzak horrela, lehiaketan aurrera egin ahala, aurkariak ere hobeak dira, eta, beraz, norbanakoaren maila hobetzeko ere aukera ona izan daiteke. Egia da ere, duela bizpahiru urte partida asko jokatzen nuela, hortaz, entrenamendu gutxiago burutzen nuen, eskua zaintzeko eta gehiegizko esfortzua ez egiteko. Partidak entrenamendutzat har zitezkeela esan daiteke.

Ba al zenuen susmorik Garfe enpresak zugan zuen interesaz?
Ez. Aurreko udan Garfek eurekin jokatzeko gonbita zabaldu zidan, baina ehuneko ehunean ez nengoenez, ez jokatzea erabaki nuen. Baina ez, ez nuen susmorik.

Esanak esan, egunetik egunera hobeto sentitzen naiz frontoian; aurrerapenak ikusten ditut jokoan eta arlo fisikoan. Hala ere, gauza asko dut hobetzeko, beraz, entrenatzen jarraituko dut.

Nola sentitu zinen Garfe enpresako kide izango zinela ohartzean? 
Hasieran, ezustekoa hartu nuen, ez zelako une horretan espero nuen zerbait. Hala ere, ustekabe polita dela uste dut eta poz handiarekin jasotako berria izan da. 

Familiak eta lagunek ere ustekabe ederra hartu zuten. Lehenengo etxekoei esan nien Garfe enpresatik kasu egin zidatela eta 2020ko denboraldirako kontuan hartu nahi nindutela. Ondoren, lagunei esan nien eta gustura hartu zuten albistea; nire partidak jarraitzen saiatuko zirela esan zidaten, ahalik eta animo gehien emateko.

Urtarrilaren 24an estreinakoz jokatuko duzu Garfe enpresarekin, eta bi lagunen aurka...
Oso partida polita jarri didate debuta izateko. Gainera, Mendizabal III-rekin jokatuko dut; pilotari hau Aspe enpresatik dator, orain arte beste erritmo batean jokatzen aritu da. Horrez gain, Asteasuko bi lagun handiren aurka jokatuko dut, Xabi Urbieta eta Julen Urruzola, eta nik uste dut ez didatela lan erraza jarriko, esperientzia gehiago baitaukate Garfen.

 

Andoni Alvarez, Gazteleku Pelota Elkarteko kidea
Gazteleku Pelota Elkarteko kidea da Andoni, eta Julen Aizpuru Gaztelekun hasi zenean bera zenez arduraduna, berarekin ere bildu nahi izan dugu iritzia jakiteko. Gaztetatik ikusi baitu asteasuarraren bilakaera.

Gaztelekuk eraginik izan al du Aizpururen formakuntzan eta heziketan?
Julen edozein klubetan nabarmenduko zen. Edozein taldera joanda ere, iritsi den mailara iritsiko zela pentsatzen dut. Alderdi horretatik, ez dut uste Gaztelekuk bere kirol ibilbidean gehiegizko eraginik izan duenik. 

Ildo beretik jarraituz, nik uste dut, heziketan arrastoa beti uzten duela: askotan, nahiz eta ez konturatu, aurrerago azaleratzen diren balore batzuk barneratzen ditugu. Esango nuke, heziketan gehiago eragin dugula, kirol mailan baino.

Zein izan zen zure jarrera Julen Garfe enpresako kide izango zela jakitean?
Asko poztu nintzen Garfe enpresarekin sinatu zuen albistea irakurtzean, batez ere, motibazioa mantentzea oso zaila den adinean dagoelako. Oso ohikoa da 17-18 urterekin maila oso altua erakustea eta puntara iristea, eta zenbait klubek edo enpresek zugan interesa jartzea; beraz, datozen urteetan, zaila izaten da motibazioari eustea. Horregatik pozten naiz, Garferekin sinatutako hitzarmenak motibazioa mantentzeko balio dezakeelako. Izan ere, gaur egun dagoen arrisku handienetakoa 23 urterekin pilota uztea da.

Zer pentsatzen duzu Gazteleku Pelota Elkartetik zenbait goi mailako pilotari atera dela ikustean?
1997an Gaztelekuko gidaritza hartu genuenean, helburua Andoaingo umeek pilotan jokatzeko aukera edukitzea zen. Orduan bazegoen pilota elkartea, baina eskuzko arloa ez zegoen egituratuta; gu 8-9 umerekin hasi ginen, Andoaingo haurrek pilotan jokatzeko eta partidetan parte hartzeko helburuarekin.

Helburu hori beteta, horren bila joan gabe, eskualdeko erreferente bilakatu ginen, eta jendea kanpotik etorri da azken urteetan, inguruko herrietatik edo baita urrutiagotik ere. 

Esandakoa, harro egoteko arrazoia da; eurak Gazteleku Pelota Elkartera etorri ziren bertako lan egiteko moduak erakarrita.

Esanak esan, onartu beharra dago, helburua andoaindarrak pilotan jokatzeko aukera edukitzea eta maila handian lehiatzea dela; baina kanpotik etorri, eta horrelako mailan lehiatzera iritsiz gero, guretzat harro egoteko modukoa da.

Amaitzeko, esan beharra daukat hizketan ni ari naizela, baina 1997tik pertsona asko egon direla Gazteleku Pelota Elkartearen atzean eta gaur egun ere jende asko dagoela. 

Debuta

Aizpuru eta Mendizabal III-k bikote bezala jokatuko dute Xabi Urbieta eta Julen Urruzolaren aurka. Norgehiagoka urtarrilaren 24an izango da gaueko 22:00etatik aurrera, Asteasuko Usarrabi pilotalekuan.

Sarrerak Asteasuko Kabela tabernan erosi ahal izango dira aurretiaz 7 euroren truke. 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!