Aiurri Kide

Gonbidapena Aiurriko harpidedunari

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2022ko urr. 11a, 07:05

Lerro hauek irakurtzen dituen hartzailea, ohikoan, Aiurriko harpideduna da. Izan ere, aldizkaria ia-ia sorreratik harpidetza bidez hedatzen baita. Urtearen hasieran, aiurrizaleak diruz ordaintzen du harpidetza eta Aiurriko banatzaileek, trukean, urte osoan etxeko buzoiraino eramaten dio rebista. 

Bada irakurle kopuru bat Aiurri aldizkaria bere herriko liburutegian, harategian, ileapaindegian edo bestelako merkatalgunean irakurtzen duena. Aiurriko albisteak erabiltzen ditu itxaronaldia errazago eramateko.

Idatzi honen hartzaileak Aiurriko harpidedunak dira, aldizkaria jasotzeagatik diru ordaintzen dutenak. Haiei bereziki zuzendutako gonbitea baitugu egiteko: datorren urriaren 14an Bastero Kulturgunean Bernardo Atxagaren "Bi anai" filmaren emankizun berezira gonbidatu nahi zaitugu. 19:30ean hasiko da emanaldia, eta bertara joateko idazkaritza@aiurri.eus emailera idatzi behar duzu. Izena eman, eta emanaldi bereziaz gozatzeko aukera izango duzu.

Eta zergatik da berezia? Bada, idazlea bera eta zinema zuzendaria bertan egoteko aukera paregabea izango dugulako. 2011koa da filma, eta hamaika urteren bueltan, zinema zuzendari eta idazlea elkartu ditugu filmaz eta "Bi anai" eleberriaz hitz egiteko. Garazi Kamio idazleak gidatuko du saioa. Hauxe, beraz, Aiurri aldizkariaren gonbidapena.

Eta zertara dator gonbidapena? Bada, Aiurrik albiste hutsak landu eta zabaltzeaz harago, gure harpidedunekin egoteko aukera baliatu nahi duelako. Ez dadila harpidetza aldizkaria eman eta jaso eragiketa huts bat izan. Joxe Irazu "Bernardo Atxaga" gure artean izateko aukera baliatu dugu, eta kulturaren bueltan elkartzea polita iruditu zaigu.  Atxaga entzutea beti da plazer handia, hizlari aparta delako. Gainera, zinemaren ikuspegitik, 35 mm-ko emankizuna izango da eta hori zinemazaleentzat ez da detaile txikia. Digitalaren garaian, filma modu analogikoan ikusteko aukera izango da.

Beraz, hortxe gonbitea. Aukera izanez gero, ez galdu! Ederra izango da.

 

 

__

Bono Kultura

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!