HEMEROTEKA
2010ean "Herritarren txokoa" ataleko protagonista izan zen. Hauxe orduko hartan landutako artikulua
Lazaro Tejeria Amunarriz Larraulgo Larrola baserrian jaio zen 1933 urteko “ilbeltzaren 12an”. Baserriari eta etxekoei, animaliei nahiz lurrari lotuta bizi izan da beti.
Baserrian jaio eta baserriko lanetan hazi zen Lazaro, zortzi anai-arreben artean bigarrena. “Beharko; garai haietan ez zegoen kamiorik ere, orain bezala. Bide zaharrean barrena ibiltzen ginen, idiak hartu eta Asteasura jaitsiz; gainerakoan korrika goitik behera, aide! Mendian ibiltzen oso ohituta geunden”. Umetatik ezagutu izan ditu Lazarok behiak etxean, “beti izan ditugu behiak etxean: zortzi bat behi, hamar idi eta txekorrak... Baina gurean bezala, Larraulen etxe guztietan izaten ziren lehen behiak. Pentsa, berrogei etxetan! Umeak ginela, amak egunero eramaten zuen esnea Donostiara, astoz Villabonaraino jaitsita. Gure garaian letxeroa etortzen hasi zen”. Behiak bezala, txerriak ere etxe guztietan izaten ziren Larraulen, “urtean hiru bat txerri hazten ziren etxe bakoitzean, baina hori ere bukatu da. Bi txerri ditugu guk egun”. Bizimodua izugarri aldatu dela uste du Lazarok eta baserriaren etorkizuna bukatzera doala, “orain ari direnek lana uzten dutenean, akabo. Baserriarekin lotuta ez da gehiagorik ezer izango, erori egingo da baserria. Bolada batean salgai zeuden baserri guztiak harrapatzen ziren bezala, orain hutsik geratzen ari dira denak. Ganaduzaleak kexu dira: esnearen prezioa jaitsi eta pentsuarena altxatu egiten dietelako”.
Argindarrik eta urik ez
Gerraren ondorenaz oroitzapen gogorrak ditu Lazarok, “ikaragarri urte txarrak izan ziren. Argi indarra sartu aurretik, uraren indarrarekin ehotzen genuen artirina. Taloak jango bagenituen, zain egon behar izaten genuen, baina gustura, taloa genuenean. Gerra ondorenean arrazionamendua jarri zuten herrian eta baratzeko patatak eta babarrunak kentzen zizkiguten, boniato puska eta egosten ez ziren kanpoko babarrunen truke. Oliorik ere ez zen izaten; oso tarteka, kanpotik ekarritako olioa erosten genuen Asteasun. Komeria latzak izan ziren”. Argindarra edota ura hain eskura-erraza ez zen garaia ezagutu zuen Lazarok, “argiarekin gaizki ibiltzen ginen, indar gutxi izaten baitzen. Iluntzean mendian belarrean aritu eta gero, ukuiluko lanetara etorritakoan bonbilak ‘tti-tta’ keinu txiki bat egiten zuenean, kandelekin jarraitu behar izaten genuen lanean. Bestalde, ur eskasia izaten zen udan eta beheko kanalera joaten ginen barrikak eta idiak hartuta. Gero, Zelatun azpiko urak zabaldu zituztenetik aurrera, soberan izan dugu”. Behien larruarekin egindako abarkak janzten zituzten garaia gogoan du, “aitona zenak egiten zizkidan larruzko abarkak. Onak ziren egin berritan, baina lehorrak joz gero ikaragarri leuntzen ziren eta euriarekin, berriz, bera-bera eginda geratzen ziren. Gero autoen gurpilen gomekin egindako oinetako xelebreak atera zituzten”. Urte gogorrak bizitu ondoren, aurrerapenak iritsi zirenean herritarrek poz handia izan zutela adierazi du, “kamioa egin genuenean ikaragarri gustura ginen, Ibedrola ekarri genuenean ere bai, belarra mozteko segadora ekarritakoan zer esanik ez… Orain krisia dela eta kexu oraindik? Nik kexu bakarra daukat: orduan sasoia nuela eta gaur ez hainbeste”.
Baserriko lanetan
Animaliak gobernatzearekin batera, baratzean eta soroan egiten zuen lan, “ikaragarrizko soroak egiten genituen. Eskerrak artoa eta babarrunari. Ogia etorri zenean utzi egin genion landaketa hari eta sagarrak aldatu genituen. Sagardoa etxean egiten genuen lehen, tolarea bertan baikenuen. Orain sagarrekin ere komeriak etorri dira, baina oraindik ere mantentzen ditugu sagastiak”. Eskolan puska bat ibili omen zen Larraulen, “gu baino gehiago ikasiko zuenik izango zen. Ez genuen eskolarako gogo handirik. Baserrian beti izaten genuen zeregina: garotan, segan, simaurra ateratzen, mendian egurra mozten… Larraulen etxe guztietan ateratzen zen egurra, diru pixka bat ematen baitzuen”.
Mendiko buelta
Hogeita hamar urte pasatuta ezkondu zen Lazaro, Josefa Oterminekin, “Lau seme-alaba izan genituen. Emazte nafarra hartu nuen, ordurako motoak etorri baitziren. Gazte denboran gertutik gertura ibiltzen baginen ere, motoarekin pixka bat zabaldu ginen”.
Oraindik ere mendira joatea gustatzen zaio eta ahal duen guztietan abiatzen da, “ganadua eta pinudiak ikusiz, mendian buelta egitea gogoko dut. Baratzea ez zait asko gustatzen, tarteka laguntzen badut ere, emaztea aritzen da gehiago. Sagar biltzen bai, saio ederra egin dut berriki; Sarasola sagardotegira bidali dugu sagarra”. Gainerakoan, kirola ikustea gustatzen zaio, “futbola baino gehiago, pilota jarraitzen dut. Hementxe, sukaldeko telebistatik ikusten ditut partidak. Garai batean idi apustuak ikustea ikaragarri gustatzen zitzaidan. Tarteka joaten naiz Aiara oraindik”.