Eskualdeko hiru bertsolari lehiatu dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenetan. Unai Mendizabal zizurkildarra eta Oihana eta Beñat Iguaran amasarrak. Euren saioak irabazita, hurrengo faserako zuzenean sailkatzea lortu zuten lehen biek. Beñat Iguaranek, ordea, ez du lortu txapelketan aurrera jarraitzea.
Azaroaren 3an, Tolosan jokatu zen azken final-laurdenekoa eta osatuta geratu zen final-erdietarako sailkatuen zerrenda: Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Unai Mendizabal, Oihana Iguaran eta Nerea Elustondo zuzenean sailkatu dira, euren saioak irabazita. Puntuazioz sailkatutakoak berriz, honako bertsolariak izan dira: Agin Laburu, Maider Arregi, Asier Azpiroz, Amaia Iturriotz, Andoni Rekondo, Ane Labaka, Eneritz Artetxe, Iñigo Mantzizidor 'Mantxi', Eli Pagola, Eneko Araiztegi, Eñaut Martikorena, Oier Etxeberria eta Aner Peritz 'Euzkitze'.
Mendizabal
Urriaren 26an, Azkoitian jokatutako final-laurdenean lehen postuan sailkatzea lortu zuen Unai Mendizabalek. Lan bikaina eginda, 485,5 puntu eskuratu zituen bertsolari zizurkidarrak, bere maila erakutsiz. Zarautzen jokatuko den final-erdietan aritzea egokituko zaio. Alaia Martin, Amaia Iturriotz, Aner Peritz, Eneko Araiztegi eta Eneritz Artetxerekin batera arituko da, azaroaren 24an.
Iguaran
Oihana Iguaran amasarrak Irungo saioan lortu zuen zuzeneko sailkapena, 517.50 puntu eskuratuta. Arrasateko final-erdietan arituko da, honako boskotearekin batera: Agin Laburu, Andoni Rekondo, Eñaut Martikorena, Iñigo Mantzizidor 'Mantxi', eta Maider Arregi. Uarkape kiroldegian egingo dute saioa, abenduaren 1ean, 17:00etan hasita.
Beñat Iguaranek berriz ez du lortu datorren fasera igarotzea. Errenteriako saioan aritu zen Iguaran eta, hirugarren postuan sailkatu zen, 451,5 puntu eskuratuta. Beñat Gaztelumendi gailendu zen saio horretan eta, ondorioz hark eskuratu zuen zuzeneko sailkapena. Gainerakoek, puntuaketagatik sailkatzeko esperantzari eutsi behar izan zioten. Aukera gutxi zituen amasarrak eta, azkenean ez du hurrengo fasean abesteko aukerarik izango.
Hurrengo saioak
Datorren asteburuan jarriko dira martxan final-erdiak. Azaroaren 17an jokatuko da lehena Oiartzunen eta jarraian iritsiko dira Zarauzkoa, azaroaren 24an eta Arrasatekoa, abenduaren 1ean. Sarrerak salgai daude bertsosarrerak.eus gunean. Orain arteko saioak jendetsuak izan dira eta pentsatzekoa da datozenak ere hala izango direla.
Txapelketako final handia berriz, Donostian jokatuko da, abenduaren 14an. Ilunbe zezen plazan ospatuko da finaleko saioa eta datozen asteetan jakingo dugu nortzuk izango diren protagonista nagusiak. Finalaurreko bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da finalera, eta puntu gehien batzen dituzten bost bertsolariekin osatuko da finala. Zortzi bertsolarirekin emango zaio, beraz, hasiera finaleko jardunari eta puntu gehien metatzen duten bi bertsolarien arteko lehiarekin amaituko da. Horrenbestez emango zaio amaiera 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketari.