Eskualdeko hiru bertsolari lehiatu dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan. Beñat Iguaran amasarrak final laurdenetan amaitu zuen txapelketako ibilbidea; final erdietarako sailkatu ziren Oihana Iguaran eta Unai Mendizabal.
Iguaran, Arrasaten garaile
Arrasateko finalerdian abestu zuen Oihana Iguaran amasarrak, abenduaren 1ean. 519 puntu lortuta, saioko irabazlea izan zen Iguaran, eta zuzenean sailkatzea lortu zuen. Berekin aritu ziren kantuan Andoni Rekondo, Eñaut Martikorena, Agin Laburu, Iñigo Mantzizidor 'Mantxi' eta Maider Arregi. Gai-jartzaile lanetan berriz, Imanol Artola aritu zen. Iguaranez gain, Andoni Rekondo gazteak ere lortu zuen finalerako txartela.
Azken finalerdia izan zen Arrasatekoa eta honenbestez, osatuta geratu zen finaleko zortzikotea.
Saioak irabazita, zuzenean sailkatu dira Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin eta Oihana Iguaran. Puntuazioz sailkatu dira Ane Labaka, Nerea Elustondo, Eneritz Artetxe, Andoni Rekondo eta Aner Peritz 'Euzkitze'.
Finala
Zortzi bertsolarirekin emango zaio, beraz hasiera finaleko jardunari eta, ohi bezala, puntu gehien metatzen duten bi bertsolarien arteko lehiarekin amaituko da. Jarraipen handia izaten ari da txapelketa osoa eta, pentsatzekoa da finalak ere ikusmin handia piztuko duela. Maila bikaineko zortzi bertsolari ariko dira bertan.
Abenduaren 14an, larunbatarekin jokatuko da finala, 17:00etan hasita, Donostia Arenan (Illunbe). Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragai. Bertaratzerik ez dutenek, bestalde, saio osoa telebistaz jarraitzeko aukera ere izango dute. Izan ere, ETB1ek zuzenean eskainiko baitu Donostiako finala.
Artikulu osoa irakurgai dago Aiurri 660 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.