Pasa den urteko otsailean izan zuen Amasa-Villabonako Udalak Amasamendiko lurretan haize-errotak jartzeko proiektuaren berri. Herriko zinegotzi eta legebiltzarkide den Ander Goikoetxeak egindako galdera parlamentario bati Jaurlaritzak emandako erantzunaren bidez jaso zuten informazio hori. Handik gutxira, PREMIER ESPF IPAZ HAIZEA 2, S.L. enpresak bateragarritasun urbanistikoaren txostena eskatu zion Udalari, "Kluster Hernani" izeneko egitasmoaren barruan.
Proiektu horrek Amasa-Villabonako Amasamendiko sailetan lurrartuko balu ere, eragin-sarea haratago hedatuko litzateke. 11,5 km-ko goi-tentsioko ebakuazio-lerro bat hedatuko bailitzateke mendiz mendi eta haranean barrena Andoain, Urnieta eta Hernaniko lurrak ere zeharkatuz. Izan ere, korrontea Hernaniko azpiestazio elektrikoan txertatuko litzateke. Amasamendiko bi haize-sorgailuek urtean 28.085,60 MWh-ko energia elektrikoa sortuko lukete, %32,13ko errendimenduarekin. Nolanahi ere, adituek zein sektoreko datuek ohartarazten dute errealitatean errendimendua oraindik baxuagoa izan ohi dela. Batetik, tentsio-aldaketen eta Hernaniko azpiestaziora bidean gertatuko lirateken garraio-galeren ondorioz; bestetik, babestutako fauna, gehiegizko haizea edota izotza dela eta ezarri beharreko ingurumen-geldialdiengatik; eta azkenik, mendi tontorretako orografiak sortzen dituen turbulentziengatik.
Proiektuari emandako erantzunak: kaletik erakundeetara
Udalak publikoki iragarri zuen enpresarekin harremanetan jarri zela “herritarren interesak defendatzeko”. Izan ere, trantsizio energetikoaren bidetik, Udal Gobernu taldeak aukera bat eman nahi izan zion Amasamendin kokatuko litzatekeen proiektu eolikoari eta enpresa sustatzailearekin harremanak mantendu zituen. Bide horretan, 2025eko maiatzean Udalak elkarrizketak abiatu zituen Premier Group enpresarekin. Hartu-emanetan izandako negoziaketen ondorio, haize sorgailuak baserrietatik 500 metrora urruntzea adostu zuen, hasierako 300 metrotako distantzia handitzea lortuz. Horrekin batera, parke eolikoaren jabetzaren %20 publikoa izatea eta herritarrentzat energia-tarifa merkeagoak izatea negoziatu zituen. Halaber, Udal jabetzako herri-lurren lagapena bideratzeko, ezinbesteko baldintza gisa ezarri zen Amasa-Villabonako herritarren gehiengoaren babesa izatea, herri galdeketa bidez. Udalak adierazi zuenez, “herriaren borondatea eta ingurumenaren babesa lehentasunezkoak dira, nahiz eta argi izan energia iturri berriztagarrien hedatzea beharrezkoa izango den ditugun energia kontsumo handiak asetzeko eta erregai fosilekiko menpekotasuna murrizteko".
Herritarrak ere ez ziren besoak gurutzatuta geratu makroproiektu eolikoak eragindako kezkaren aurrean. Albistea jaso eta berehala, herritar batzuk antolatutako hitzaldi baten fruitu izan zen Amasamendi Bizirik plataformaren sorrera. Hasieratik salatu zuten “tamaina horretako azpiegitura batek ingurumenean izango lituzkeen ondorioak”. Taldearen arabera, joan den uztailean bildutako 1.548 sinadurek erakusten dute herritarren zati handi batek proiektuaren aurkako jarrera duela. Halaber, plataformatik garbi adierazi zuten “krisi ekologikoa ez dela teknologia faltaren ondorioa, etengabeko hazkunde ekonomikoa behar duen sistema baten emaitza zuzena baizik”.
Nolakoa da proposatutako proiektu eolikoa?
Amasamendiko Parke Eolikoaren proiektua Amasa-Villabonako mendigunean bi haize-sorgailu instalatzean datza. Hernani I eta Hernani II bezala izendatutako bi errota ezarriko lirateke. Gutxi gorabehera 9,98 MW-ko potentzia nominal osoa izateko diseinatuta dago. Haize-errota bakoitzak 3.500 m2-ko plataforma zelaia behar badu ere, enpresak aurkeztutako planoetan parke eolikoaren mugapen-eremuak edo poligono eolikoak 215 hektarea inguruko azalera hartuko luke.
Gogoan hartzeko beste faktore bat gailur horren kualifikazio juridiko zein teknikoa da. Izan ere, eremua azpiegitura eolikoen poligono gisa izendatzeak etorkizunean parkea zabaltzeko bidea erraz dezake. Eskuarki, mota honetako egitasmoetan kostu nagusia oinarrizko azpiegitura jartzea izaten da; behin sarbideak eta konexioak bideratuta, teknikoki zein ekonomikoki bideragarriagoa gertatzen da errotak gehitzea. Horrez gain, 200 metroko altuerako errotak eta 71 metroko palak garraiatzeko, mendiko bideak 7 metroko zabalerara ireki behar dira, eta biraketa-erradioak 60 metroraino zabaldu. Ondorioz, azpiegiturak berak –bideak, zimenduak eta lineak– eragiten duen ingurumen-inpaktua parke eoliko handi baten parekoa da, nahiz eta lortutako energia bi errotek sortutakora mugatu.
Ingurumen txostena, Aldundiaren eskutik
Aurtengo maiatzean Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Txostena jaso zuen, aurreneko azterketa tekniko moduan. Bertan proiektuak babestutako hegazti espezieengan, hala nola arrano beltza, sai zuria edota miru gorria, eragin nabarmenak izango zituela ohartarazten zen. Palek hegaztiekin eta saguzarrekin talka egiteko eta animalia horiek hiltzeko duten arriskua, zimentazioak akuiferoetan izan dezakeen eragina, sarbideek sortu dezaketen kaltea (lur mugimenduak, zuhaitzak botatzea…) eta dorreek paisaian izango duen inpaktua ere gordetzen ditu txostenak. Natura-ingurunearen kontserbazioa eta babestutako espezieak kaltetzea "igaro ezinezko marra gorritzat" hartuta, Udalak behin-behinean etetea erabaki zuen Premier Group enpresarekin zituen negoziazioak, ingurumen-bideragarritasuna frogatu artean.
Amasamendi Bizirik plataformatik Udalari enpresarekin harremanak behin-betiko etetea eta herri lurren erabilera eragoztea exijitu zioten. Berriz ere “makro mailako berriztagarrien hedapen neurrigabearen helburua inolaz ere ez dela kontsumo energetikoaren efizientzia edota murrizketa, baizik eta gutxi batzuen irabaziak handitzen jarraitzea” agerian utziz.
Alegazio-prozesua
Iraila honetan, berriz, Eusko Jaurlaritzak proiektuaren dokumentazioa jendaurrean jarri eta 30 laneguneko epea ireki zuen alegazioak egiteko. Dokumentu horien artean, Ingurumen Inpaktuen Azterketa (IIA) aurki daiteke, guztiak publikoak dira eta Eusko Jaurlaritzaren Industria eta Ingurumen Sailetako egoitza elektronikoan kontsulta daitezke.
Horren berri izatean, Udalak kanpo-aholkularitza kontratatu zuen alegazioak idazteko: Araudi SL enpresa juridikoa eta Raoul Servert geografo eta ingurumen-aditua. Horrekin batera, Amasa-Villabonako Udala zuzenean jarri zen harremanetan Andoain, Urnieta eta Hernaniko udalekin, ebakuazio-lerroak herri horietako lurrak zeharkatzen baititu.
Era berean, Amasamendi Bizirik plataformatik herritarren alegazio zein sinadurak biltzeko kanpaina aktiboa jarri dute martxan, egitasmoa gelditzeko asmoz. Prozesu publiko horren harira, Zelatunen elkarretaratze jendetsua egin zuten "Mendietan zentral eolikorik ez!" lelopean, "trantsizio berdearen izenean gutxi batzuen irabazi ekonomikoak lehenesten direla mendien industrializazioaren zein biodibertsitatearen kalterako” salatuz. Ate joka dauden hauteskundeei begira, “herritarren presioak eraginda Udalak bere posizioa zuritzeko asmoa” izan dezakeela ere aditzera eman zuten. Urriaren hasieran prentsaurreko baten bidez eskualdeko zein eskualdez haragoko herri eta azokatan herritarren sinadurak biltzen arituko direla iragarri zuten. Halaber, Udalari “dituen eskumenak erabil ditzala proiektuari bidea behingoz ixteko” eskatu zioten.
Behin alegazio epea bukatuta, Eusko Jaurlaritzak bildutako alegazio nahiz txosten guztiak ebaluatuko ditu Ingurumen Inpaktuaren Deklarazioa (IID) kaleratzeko. Ingurumen Organoak proiektua ingurumenaren ikuspuntutik onartezina dela ebatziko balu, bertan behera geratuko litzateke, baina positiboa izanez gero, helegite administratibo zein judizialak aurkezteko bidea irekiko litzateke.
Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 701 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.