Maiatzak 3, Azkorteko Gurutze Saindua

Erabiltzailearen aurpegia Alazne Manero 2018ko mai. 4a, 02:00

Udaberria iritsita, eta horrek dakarren poza eta bizitzaren berritzearekin, txango bat eginez Azkorteko Gurutze Sainduaren ermitarantz abiatu naiz. Kanpotik begiratuta zaindutako ermita dirudi, primeran kokatua, toki argi batean, urrutitik ikusgai, xume eta era berean ederra.

Duela urte askotatik urnietarra adopzioz, eta aitortzen dut tokiko istorioez erakarrita, ermitaren eta aldarean nagusitzen den kristoren irudi gotiko zoragarriaren historia gogorarazi nahiko nizueke. Urnietako Udal artxibategian informazio oso interesgarria aurki daiteke: Kristoren irudia eta bere ermita XIII. mendekoak dira. Irudia, Gurutze Sainduarena, Gipuzkoako arte gotikoaren irudirik onenetarikoa da. Lezoko Gurutze Sainduarenaren antzekoa.

Gerra, harrapaketa, izurri eta abarrez betetako bizitza gorabeheratsu bateko protagonista, Gurutze Sainduaren irudiak Urnieta, Astigarraga, Andoain, Hernani eta Lasarteko elizkoien laguntza jainkotiarra eta Aranotik (Nafarroa eta Frantziatik zetozenak) edo kostako bidetik zetozen Donejakue bideko erromesei laguntza eta babesa adierazten die.

XIX. mendean, 1837ko karlistadan, O´Donellen liberalek arpilatu eta erre egin zuten. Irudia Jose Maria Mitxelenak (Erauso Txiki baserrikoa) berreskuratu eta urte luzez Andoainen gorde zuten. Gerora, Urnietako Santa Leokadia ermitara ekarri zuten.

Suntsitutako ermitaren hondakinen ondoan egiten zen elizkizunera eta gurutze-bidera hainbat urtez joan ondoren, Gasteizeko apezpikutzara berreraikitzeko baimena eskatzea erabaki zuten eliztarrek. Baimena lortu ondoren, gure herrian ohikoa izan den bezala, eliztarren diruarekin eta auzolanean berreraikia izan zen.

1969ko abenduaren 28an, gaur egun urnietar askok gogoratzen duen data, ermitaren zati bat erori egin zen ondoan dagoen harrobiko lanen ondorioz.

Berriz ere, Urnietako bizilagunen babesarekin, oraingoan, Marcial Garmendiak (Beltran baserrikoa) eta Antonio tabernako Manuel Igerategik Kristoren irudia Santa Leokadia ermitara ekarri zuten. Donostiako apezpikutzako arte sakratu batzordeko kide Manuel Lekuonaren gidaritzapean berritu zuten, eta diotenez, Miguel Olaskoagak zaharberritzearen gastu guztiak bere gain hartu zituen. Ermitatik kanpaia, sarrerako arku zorrotz zoragarria, ur bedeinkatuaren ontzia eta leiho borobila berreskuratu ahal izan ziren.

Ermita berria ondoko mendi-bizkar batean eraiki zen, Burundainen, eta horixe da nik une honetan ikusten dudana. Herritarren debozio eta lan nekaezinari esker altxa zen berriro. Zerrenda luzea da: Banakakoen diru ekarpenak, aurrezki kutxak, zenbait dohaintza (Donostiako mendizale batzuena, adibidez) eta pertsona askoren kemena. Hala nola, Galdeano DVko Hernaniko berriemailea, Teresa Amuategi, Miguel de Olaskoaga, Zunzunegi, Aita Iriondo, Aita Lasa, arkitektoak, zaharberritzaileak, Aita Salesiarrak eta Tardié jauna.

Etengabe aurrerantz doan gizarte honetan, norberaren onura guztien onuraren oso gainetik dagoenean, nire ustez, gure aurrekoek eta ez hain urrunekoek, 1970eko hamarkadan berreraikitze lanetan parte hartu zutenek emandako ereduarekin, bene-benetako eskertza merezi dute. Bereziki, bertakoak eta kanpokoak garenok ermita honetaz eta Gurutze Saindu honetaz gozatzen jarraitzea ahalbideratzeagatik.

Azkorteko Gurutze Sainduak ondo mereziak ditu gure maitasuna, debozioa eta gutxienez maiatzaren 3an eta ondorengo egunetan bisitaldia jasotzea.

Jaia, gure folklorea merezi ditu. Eta zergatik ez, guk ere merezi dugu haren babesa. Zain ditzagun gure kultura eta historia, zeinetan, dudarik gabe auzolana giltzarri izan den. Espero dut, guztion laguntzarekin, auzolanean, horrela izaten jarraitzea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!