Txirrita eta bere garaia

Erabiltzailearen aurpegia alba 2016ko aza. 18a, 01:00

Txirrita eta bere garaia jorratu zuen aurreko astean Bernardo Atxaga idazleak Donostian. Ahozkotasun eta irudimen izugarrikoa,  herriarentzat bertsolaririk maitagarriena izan zen Txirrita. Atxagaren hitzetan, “Txirrita oso pertsona egokia izan liteke bere garaia barrutik aztertzeko, asko hitz egin eta abestu baitzuen, jendearen memorian geratu dira haren bertso eta pasadizoak”.

Txirrita, bere garaia eta bere garaiko bertsolaritzaren ezaugarri batzuk definitu zituen, “nire irudipenak jaurtiko ditut, batzuetan besteetan baino oinarrituagoak” aitortu eta gero. Eta horretarako, Antonio Zabalak 1992an argitaratu zuen Txirrita. Bizitza eta bertsoak liburua eduki zuen eskuartean, bertan agertzen diren bertso eta kontaerak oinarritzat hartuta.

Ikuspegi irrazionala
Aztikeriak, sineskeriak, magiak… Munduari buruzko ikuspegi irrazionalak gizarte hartan indarra zeukala, azpimarratu zuen lehenengo eta behin Atxagak. Bularreko oinazeak zituen Txirritaren anaiaren kasua jarri zuen adibide gisa; azti batengana jo zuen, eta honek, bizirik zegoen oiloari bihotza kendu eta orratzak sartzearen metodoa aholkatu zion. Atxagak esan zuenez, eskolatu gabeko gizartean bizi zen Txirrita. “Gizarte sektore ilustratuak errealitateari modu logikoan begiratzen dion bezala, eskolatu gabeko gizarte horrek munduari buruzko ikuspegi oso nahasia dauka, osagai majikoa presente dauka”.

Memoria izugarria
Bertsolaritza ahozko komunikazioa nagusi den unibertsoan jaio zen. “Ahoz jasotakoa zen kultura guztia, ahozkoak ziren komunikazio adierazpide guztiak”.

Ahozkotasun horri esker, egundoko memoria garatzen zuten orduko pertsonek. “Atxagaren ustetan, “seguru nago gaur gela honetan gauden guztion memoria bildu, eta ez genukeela berdinduko garai hartako pertsona bakar baten memoria”.

Txirritak plaza baten erdian kantatu, eta pertsona ugari ziren kapaz hark kantatutako bertso guztiak buruz jasotzeko. Asteasuko Mikaela Elizegi, Pello Errotaren alaba ekarri zuen gogora Atxagak: “igual Zizurkilen igande batean bertsoak entzun, eta gai zen, astelehenean, Asteasuko tabernan kantatzeko guztiak banan bana. Asteasun esan ohi zuten, mediku frantsesak etorri izan zirela Mikelaren memoria aztertzera”.

Lurralde propio bat
Bertsolaritza geografiaren ikuspegitik oso fenomeno zehaztua izan zen, Atxagaren iritziz. “Bertsolariak gizarte bat zeukan entzule, jarraitzen ziona. Edozein komunikazio fenomenok behar du gizarte bat. Gizarte horrek sortuko zuen bertsolariaren ogibidea, dirua emango zien batzuei kanta zezaten sagardotegi edo jantokietan. Giro bat sortzen da, dinamika bat, eta hor bertsolariak bere izateko arrazoia hartzen du”.

Atxagaren hipotesiaren arabera, Gipuzkoara mugatzen zen gizarte hori. “Jende dentsitate handiko tokia zen, Zarautzetik Beasainera eta Beasandik Oiartzunera, Zizurkil, Asteasu eta herri jakinetatik pasatuz. Sagardotegi zein jantokiekin eta bertsolarien bizitokiekin mapa bana eginez gero, eta biak bata bestearen gainean jarri, kointzidentziak topatuko genituzke”.  

Bertsoak baladen tokia bete du inguru horietan. “Euskal musikariek euskal tradizio zaharreko baladak biltzeari ekin ziotenean, Bizkaia edo Iparraldera jo behar izan zuten derrigor. Gipuzkoan, Tolosako Beotibarko guduari buruzkoaz gain, ezer askorik ezin topatu izan zuten”.

Animaliekiko tratua
Zer harreman zeukaten orduko pertsonek animaliekin? Galdetu zuen segidan idazleak. Lehenbiziko irakurketa batean, zenbait bertso zahar irakurrita pentsa daiteke tratu krudela ezartzen zietela animaliei. Atxagaren iritzirako, bestea da atera behar den ondorioa: “Konturatzen gara oso gizarte pobrea zela. Pobrezia izugarria zegoela, areago esango nuke, biziraupenean bizi zirela. Gaztainak, edo intxaurrak udazkenean edo bi hegazti edo txahal bat kenduz gero, urte hartan gaizki ibiliko ziren, behar bezala elikatzeko eta bizimodua aurrera ateratzeko”.

Bigarren galdera luzatu zien Ernest Llucheko aretoa lepo bete zuten entzuleei: “Txirrita zergatik zen pobrea? Harginaren soldata zeukan, ezkongabea zen, dirua irabazi ohi zuen bertsotan aritzeagatik…”. Txirritak zein gogoko zuen jan-edanak eta parrandak gogoratu zituen, eta baita ere tarteka bisitatu ohi zituela prostituzioagatik ezagunak ziren lekuak, Bilboko San Frantzisko kalea adibidez.

Txirrita kontrafigura
Txirritarekin kontrafigura bat ikusten ari garela adierazi zuen Atxagak. “Orduko jende normala eta formala, ugariena, lan egiten zuena, dirua aurrezten saiatzen zena, seme-alabak eduki eta eskolara bidaltzen zituena…. Horiek dira figurak orduko gizartean. Eta Txirrita, kontrafigura”. Kontrafiguraren ideia garatu zuen segidan. “Txirritak badauzka doai zoragarriak eta gizartearentzat oso onuragarriak direnak: bata, askatasuna da; ez dauka zer galtzekorik, ez dio batere ardura lana uzteak, diru pixka bat sobratzen zaionean lanpostua utzi egiten du, eta gero itzuli egiten da berriro lanera. Familiarik ez dauka. Badaki daukan fama daukala, eta ez zaio batere inporta beste bati direnak eta ez direnak esatea. Kontrafigura da, eta bere funtzioa gizartean, umorea, satira edo zentsura soziala egitea da”.

Bertsolari proteikoa
Kontrafiguraren azken ideia horri tiraka jarraitu zuen hitzaldia Atxagak, eta adierazi bertsolari proteikoa izan zela Txirrita, hots, ideietan aldakorra den pertsona. Orain baten alde egingo duena, orain beste baten alde, orain Hiruak bat leloren alde, orain Zazpiak bat leloren alde…. Ordaintzen dion bezeroaren alde beti ere.

Lur labainkor batean sartzera zihoala aitortuz batera, orduko bertsolaritza egungoarekin alderatu nahi izan zuen, modu laburrean izan bazen ere: “Galtzen joan da beste funtzio sozial hori. Apologia batean ari denak edo borroka politiko batean ari denak nekez egin dezake beste lan hura. Egin dezaket satira baina beti izango da koordenada politikoan; alegia, satira egiten dut nire aurkariaren aurka. Baina ez dut satira egiten niretarren kontra”.

Bertsolaritzaren eboluzioa
Funtzio sozialari dagokionez, bertsolariak bizi izan duen eboluzio historikoan hiru aro azpimarratu zituen. 1897an, nekazaritzaren inguruan Oiartzunen ospatu zen jaialdia gogoratu zuen, lehenengo eta behin: “Makina bat ekitaldi antolatu ziren eta diru sari politak banatu ziren, baina bertsolariek oso bigarren mailako zeregina bete zuten. Aro historiko horretan, bertsolaritzak oraindik sagardotegien mundura itsatsia jarraitzen zuen; borrokak, mozkorrak, satira…. Bazeukan atzetik gizarte bat, baina horrek ez zeukan irakurketa politikorik”.

EAJk ordezkatzen zuen abertzaletasunak ez zuen onartzen bertsolaritza, euskara mordoiloa zeukalako. Manuel Lekuonaren figura eta jarrera aipatu nahi izan zuen, kontrako ikuspegi horren aldaketaren bultzatzaile nagusitzat joz: “Lekuonari entzuna da, 1918an, euskal gaien inguruko kongresua egin zenean, Alemaniatik nola etorri zen intelektual bat eta nola egin zien apur bat burla euskaldunei esanez Alemanian Heine poeta handia zeukatela eta baita beste hainbat, eta Euskal Herriak ez zeukala bat ere. Orduan Lekuona berak erantzun omen zion Euskal Herrian edozein baserritar izan zitekeela poeta”.

Laster, Lekuonak “Literatura oral euskerica” liburua argitaratu, eta bertsolaritzaren dohainen aldeko kanpainari ekin zion. Bere emaitzarik ikusgarriena, 1936ko gerra aurrean ospatu ziren Euskal Herriko bertsolarien txapelketa izan zen: “Basarri ezarri zen bertsolariaren eredu gisa orduan. Ez zuen erdarakadarik sartzen, kultura bat eta eskola bat zeukan, eta ez dut uste mozkortuta ibiltzen zenik. Txirrita agudo ohartu zen berak ez zeukala tokirik mundu horretan”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!