111 Akademiak Kilkerren soka egitasmoaren baitan programatu du emanaldia, eta 2016an antzezlana ikusteko azken aukera izango da. Txirritari eginiko epaiketa bat irudikatzen du Xabier Leteren obrak. Duela 34 urte Buruntza antzerki taldeak taularatu zuen Urnietan bertan, Xabier Letek berak zuzenduta. Orain, Txirritaren heriotzaren 80. urteurrena baliatu du Donostia 2016 kultur hiriburutzak obra hau berriro taularatzeko. Joxan Goikoetxearena izan zen obra berreskuratzeko ideia, eta berak jarriko dio musika zuzenean. Miren Gojenolak eta Mikel Laskurainek zuzendu dute antzezlana. Irailaren 10ean mustu zuten ‘Gabon, Txirrita’ antzezlana Donostiako Trinitate plazan eta 29an bigarren emanaldia eskaini zuten Urnietan, Xabier Leteren herrian. Azaroaren 5ean Txirritaren jaioterrian aurkeztu zuten, Ereñozun. Abenduaren 2ko Andoaingo antzezpena 2016an antzezlana ikusteko azken aukera izango da.
Sarreren salmenta
Andoaingo emanaldirako sarrerak salgai daude dagoeneko honako saltokietan, 12 euroren truke:
- Andoain: Ernaitza, Delgado eta Stop liburudendak.
- Asteasu: Mattin liburudenda.
- Zizurkil: Egarri eta Iriarte tabernak.
- Amasa-Villabona: Amasa kafetegia eta Iturrigoxo.
- Urnieta: Bikain okindegia (plaza).