Emanaldi borobila

Erabiltzailearen aurpegia alba 2016ko aza. 8a, 01:00

Urnietako herritarrek osatutako antzezle talde zabalak, pasa zen larunbatean taularatu zuen "Gabon Txirrita" antzezlana. Larunbateko emanaldia Hernaniko Ereñotzu auzoan izan zen. Txirrita bertsolaria mundura sortu zen auzo berean, hain zuzen ere.

Pilotalekua jendez gainezka

Arratsalde hotz eta euritsuak etxe barrurako hobea zirudien frontoi ireki batean antzezlan bat ikusteko baino, halare, 19:30etan emanaldia hasi zenerako jendez gainezka ageri zen pilotalekua; 300 pertsona bertaratu ziren auzokide izandakoaren bizitzari errepasoa ematen dioen obraz gozatzera. Eta gozatu ederra hartu zuten! Bikain joan zen emanaldia eta ikuskizun ederra eskaini zuten aktore, musikari eta dantzari urnietarrek.
Donostiako eta Urnietako emanaldiaren ondotik, hirugarrena izan zen Ereñotzukoa, eta taldeari nabaritzen zaio ibilbideak eman dioen experientzia, eta esan daiteke oraindainoko emanaldirik borobilena izan zela larunbatekoa.
Emanaldiaren ondoren, bertako Ur-mia elkartean bildu ziren taldekideak, afari goxo baten bueltan gorputzak beretzeko. Afalostean ez zen umorerik falta, ez eta ere, musika, bertso eta abestirik.

Abenduaren 2an emanaldi berria Andoainen
Hurrengo emanaldia, ziurrenik azkenekoa izango dena, datorren abenduaren 2an, ostiralarekin gaueko 21:30ean Basteron. Sarrerak salgai: Ernaitza, Delgado, Stop liburudenda eta Urnietako Bikain.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!