Herritar ugarik eta kanpotik etorritako hainbat jendek bete zituen kiroldegiko harmailak eta okasiorako jarritako aulki guztiak, Txirritari egindako epaiketa bertatik bertara bizitzeko. Donostiako emanaldiaren eskarmentuaren ondoren, aktoreak, etxekoen aurrean antzezteko gogoz zeuden. Orduko presiorik gabe. Bezperako eta arratsaldeko entsaioetan dena lotuta utzia zuten, eta lehen emanaldian izandako arazo teknikorik errepikatuko ez zela jakitun ziren.
Hasiera beretik, emanaldia bikain hasi zen, eta energia positibo hori aktore zein musikari guztiei kutsatzen joan zitzaien, emaitza borobila lortuz. Publikoari dagokionez, Urnietakoari, Donostiakoarekin alderatuta esan liteke irri egitea gehiago kosta zitzaiola, nahiz eta obra aurrera joan ahala kiroldegiko harmailetan geroz eta irribarre eta algara gehiago sumatzen zen. Bukaeran, txaloen unean ere, urnietarrak donostiarrak baino hotzago agertu ziren, Donostian txalo zaparrada luzea eskaini zieten denak zutik jarrita, Urnietako emanaldian ez ziren zutitu eta txaloak eskaintzeko orduan ere apalagoak izan ziren.
IKUSKIZUNAREN HIRUGARREN SAIORAKO ATEAK ZABALIK
Ikuskizuna amaituta, Mikel Laskurain eta Miren Gojenola zuzendariak pozik agertu ziren ordura arte egindako lanarekin. Gauerdia pasata, antzezlanean parte hartutako aktore, musikari, dantzari,... denak elkartu ziren kiroldegiko tabernan zizka-mizka batzuk dastatuz, euren inpresioak elkartrukatzeko.
Antzezlanaren hirugarren emanaldi bat eskaintzeko gogo bizia nabaritzen zen parte hartzaile guztien artean, eta azken orduko berrien arabera, badirudi hirugarren emanaldia eskaintzeko behintzat ateak zabal litezkeela. Emanaldi hori Ereñotzun izango litzateke, azaroan. Baina, oraindik goizegi da baieztatzeko.