Lan asko zegoen egiteko, baina, eguerdirako emanaldirako ia erabat itxuratuta zegoen, musikariak, bazkal aurreko une horretan eguzkipean entseatzen ikus zintezkeen, Joxan Goikoetxearen esanetara.
Arratsaldeko hiruretan iritsi zen kapitalera Urnietako antzezleak eta dantzariak zekartzan autobusa. San Telmo museoan arropak utzi, eta zuzenean plazara bideratu zen taldea, entsegu orokorrari hasera emateko. Ahalegin berezia eskatu zien bero izugarriarekin, izerditan blai eginda, egin zuten plazara egokitzeko entsegua. Luze joan zen, seirak ondotxo pasata baitziren, etxeko lanak eginda, ondoko karpan zizka mizka batzuk dastatuz tertulia atseginean elkartu zirenerako.
San Telmo museosa itzuli bezain azkar, jantzi eta makilatzeko erabili zutuzten hurrengo ordu pare bat. Plazara bueltatu zirenerako, eguna gauari leku uzten hasia zegoen, eta tenperatura askoz eramangarriagoa zen.
Bederatziak aurretik, jendearen plazara sartzea girotu zuten musikariek. Horretarako, Letek eta Valverdek Txirritaren bertsoekin osatutako diskoetan erabilitako doinuak aireratu zituzten maisuki. Bederatzietan, plaza jadanik beteta (sarrera guztiak agortu ziren) aktoreen artean urduritasuna eta ardura. Elkarri animoa emanez azken besarkadak. Aukera bikaina zen. Lekua paregabea. Erabateko iluntasunean, hasi zen emanaldia, sagardotegian girotutako eszena jendetsuarekin. Berehala etorri ziren publikoaren lehen barre-algarak, lehen txaloak, harrera beroa, zalantzarik gabe, bertaratu zirenen aldetik.
Ondoren etorri zen Txirritaren epaiketa, eta juez anderearen aurrean beren lekukotza ematera agertu ziren fiskalak zein Txirritaren defentsoreak eskatutako testiguak. Denen artean, hitz eta bertso bidez, Txirritaren garaiko euskal munduaren erretratu bat osatuz. Aldekoak eta kontrakoak entzun ondoren etorri zen sententzia eta amaiera alaia, zutik jarritako publikoaren txalo zaparrada, parte hartzaileen artean zirrara eta poza.
Lan bikaina egin dute Urnietako aktore amateurrekin Miren Gojenola eta Mikel Laskurain zuzendariak, eta beraiek, zein aktoreak, musikariak eta dantzariak pozik zeuden egindako lanarekin, publikoak erakutsitako atxikimenduarekin, naiz eta emanaldia erabat borobila izatea oztopatu zuten soinu akatsak tarteko izan.
Eguna behar bezala amaitzeko, Okendo jatetxean egindako afarian elkartu ziren partehartzaile guztiak. Antzerkigintzak elkartutako adin guztietako Urnietako artalde koloretsu eta zaratatsua, etxe bakoitzeko onena, dagoeneko urduritasunak atzean utzita, bapo afaldu ondoren beren festa partikularrarekin jarraitzeko prest.
Irailaren 23an, gaueko 22:00etan Urnietako kiroldegian ikusteko parada izango da.