Joxan Goikoetxea, musikaria eta txoferra

Erabiltzailearen aurpegia alba 2016ko ira. 8a, 02:00

Joxan Goikoetxea Maritxalar (Hernani, 1967) musika munduan ibilbide luze eta oparoa egindakoa da. Xabier Leteren taldean ibili zen haren bizitzako azken 15 urtean, eta Letek, azken liburuko poesia emanaldi musikatuetan ere bera izan zuen bidelagun. Xabierrek idatzitako Gabon Txirrita antzezlanaren testu orijinala berak dauka jasota, bera izan zen konturatu zena aurten betetzen zela Txirritaren heriotzaren 80. urteurrena, eta berak proposatu zion Donostia 2016 Kultur hiriburutzari obra hau berriro taularatzea. Leteri eta antzezlanari buruz hitz egiteko Hernanin duen Aztarna estudioan elkartu gara.

Noiz hasi zen Lete eta bion arteko harremana?

Joxan Goikoetxea: Banuen Lete ezagutzeko gogoa, beregana hurbiltzeko nahia. Aurrez, Pascal Gaigne, Ganbara, Anje Duhalde, Txomin Artola, Amaia Zubiria, Imanol eta abarrekin aritua nintzen, bere musikariak ere ondo ezagutzen nituen, bere kontzertuetara joaten nintzen. Garai hartan Xabierren kontzertuetan Jabier Muguruzak jotzen zuen esku-soinua. Behin, Hernaniko Potemkin zine klubak eskatuta Metropolis pelikula mutuari zuzeneko musika jarri nion. Emanaldian, publikoaren artean zen Xabier. Amaitutakoan, niregana hurbildu, eta nongoa nintzen galdetu zidan; “Elorrabi baserrikoa” erantzun nion. “Ez haiz makala, Elorrabi baserrikoa, Metropolis-i musika jartzen!”. Izugarrizko grazia egiten zion, nonbait. Handik gutxira, Leteren kontzertu batera Muguruzak ez zuen joaterik izan, eta niri deitu zidan. Hortik aurrera bere musikari eta txoferra izan nintzen, ospitalera ere neronek eramaten nuen azken urteetan. Ostegunero joaten ginen, eta ondoren, elkarrekin bazkaltzen genuen. Bere gauza asko oso hurbiletik ezagutu nituen. 

 

Miresmen punttu bat nabaritzen da zure hitzetan…

J.G.: Niri, eta ezagutu zuten gehiagori ere, Xabierrek bizitza markatu zigun betirako. Batetik, erakutsi zidana edo bere ondoan ikasi nuena, eta bestetik, pertsonalki laguntza handia jaso nuelako berarengandik. Horregatik, gaur egun leialtasunez jokatu beharra sentitzen dut. Egunero daukat aitzakiaren bat harekin pentsatu eta harekin hizketan aritzeko.

 

Xabierren ondarearen zati bat zure eskuetan dago…

J.G.: 2010ean, Xabier hil ondoren haren inguruko jendea, bereziki Joxe Angel Arbelaitz eta ni materiala errebisatu eta baloratzen hasi ginen, eta material hau neri jasotzea egokitu zitzaidan. Xabierrek ez zeukan esperantza eta konfiantza gehiegirik instituzioetan, bere testamentuan ez zuen ezer ere utzi instituzioentzako. Gaur egun horretaz asko ari da hitz egiten, eta bueltaka-bueltaka, ondare horren zatirik garrantzitsuenak berak nahi ez zuen tokian bukatu du, Gipuzkoako Foru Aldundian. Eta kontuan izan behar dugu ez zela edozein, bera kultura diputatua izana zela. Hemen aipatu nahi nuke, baita ere, Bartolo Orkaizagirrek zer nolako maitasunarekin Urnietako Matxo taberna Xabier Leteren aldare bihurtu duen. Museo txiki bat da.

 

Orain arte zer erabilpen eman diozue material horri?

J.G.:  Xabier Leteren eta edozeinen ondarea, gorde, bildu, babestu, ikertu, sailkatu, eta erabili egin behar da. Musikari dagokionez, bere abestiekin osatutako 12 emanaldi egin ziren Euskal Herri osoan zehar, oso jendetsuak izan zirenak. Litaraturarekin ere martxan gaude, antologia poetiko bat argitaratzea da asmoa. Eta antzerkiari dagokionez Gabon Txirrita taularatuko dugu. Hala ere, oraindik gauza asko dago egiteke, adibidez, oraindik ez daukagu Xabierren kantutegi bat. Era berean, egia da, baita ere, bera oso ezkorra zela, eta agian gauzak beste era batera utzi izan balitu erraztu egingo zuela ondoren egin beharreko lana. 

 

Xabier Lete eta antzerkia. Zer esan genezake?

J.G.: Ezagutu nuen Xabierrek antzerkiarekiko zuen maitasuna. Gaztetan antzerkia eta zinea ikustea zuen gogoko. Tarragonako ikasketak bukatuta, bere lehenengo pausoa antzerkia idaztea izan zen, aurrena, Oiartzungo Intxixu taldearentzat; Donostiako Jarrai taldearentzat gero, eta hortik eman zuen pausoa “Ez dok hamairu”ko abestien testuak idaztera. Eta behin Urnietan, Lourdesekin batera jarraitu zuen antzerkigintzan.

 

Zer garrantzi eman beharko genioke Letek antzerkigintzan egindako ibilbideari?

J.G.: Agian, ez dira izango obra izugarriak, baina hor daude, eta gaur egun Euskal Herrian egiten den antzerkia ezin da ulertu garai haietako antzerki herrikoia ezagutu gabe. Eta arlo horretan Xabierrek egin zuen lana garrantzitsua da. Obra batzuk taularatu ziren, beste batzuk oraindik taularatu gabe daude. Datu bat, esan izan da Jaun de Alzate obra ez zela taularatu zentsuragatik, eta ez da egia, benetako arrazoia izan zen jende asko behar zela eta ez zuela taldea osatu.

{{IMG-35889}}
Xabier Lete eta Joxan Goikoetxea poema errezitaldi batean.


Zuk proposatu zenion Donostia 2016 kultur hiriburutzari Gabon Txirrita beren programazioan txertatzea. Kontuan izanik kanpoan zenbat proposamen geratu ziren, nola konbentzitu zenituen?

J.G.:  2013. urtean konturatu nintzen aurten beteko zirela Txirritak bertso batean aipatutako laurogei urte famatu haiek. Eta urte hartan bertan proposatu nien aurten obra hau taularatzea. Esan nien “Hemen duzue proiektu kolektibo bat, antzerki herrikoia errekuperatu eta gogorarazten duena. Juizio fartsen gararian, juizio fartsa bat, gaur egungo fobia guztiak biltzen dituen pertsonaia, eta gainera, Xabier Letek idatzia, eta hori gutxi bada, Txirritak esan zuen, laurogei urtian izango dira nire aipamenak, eta 2016an betetzen dira 80 urte horiek”. Eta baiezkoa jaso nuen.

 

Larunbatean taularatuko da antzezlana Donostiako Trinitate plazan, nola ikusten duzu obra?

J.G.:  Miren eta Mikelek zuzendari moduan egindako lana goraipatzeko modukoa da, eta horrekin batera, Urnietako jendeari esker, ondo ari gara lanean eta larunbatean, imajina genezakeen eskaparaterik ederrenean eskainiko dugu hilabete luzeetan ondutakoa. Larunbatean, Urnieta izango da protagonista Donostian eta niretzat luxu bat izango da beraiekin batera parte hartzea.

 

Azkenean obraren libretoa argitaratuko al da?

J.G.: Bai. Horrela prozesu osoa borobilduko da. 2016ren finantziazioarekin neuk argitaratuko dut. Duela 34 urteko emanaldiei ere erreferentzia egingo zaio bertan eta horrez gain, Ramon Etxezarretak muxutruk egindako itzulpena ere izango du.

 

Zer musika entzungo da Gabon Txirrita obran?

J.G.:  1982ko emanaldietan Ezeiza anaiek grabatutako musika erabili zuen Xabierrek, ez zen egon zuzeneko musikarik. Oraingoan bai.Trantsizio laburrak egingo ditugu, eta lotura horiez gain, obraren hasi-aurreko momentua girotuko dugu. Letek eta Valverdek Txirritaren bertsoak grabatu zituztenean erabilitako doinuak erabiliko ditugu horretarako.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!