Antzezlana entseguetan murgilduta

Erabiltzailearen aurpegia alba 2016ko uzt. 1a, 02:00

Saroben etengabea da egunotan "Gabon Txirrita" antzezlanean parte hartzen ari diren hogeita hamar aktoreen joan-etorria. Entsegu orokorrak, arropa eta makilaje probak... Eta horrela izango da uztailaren 15era arte. Orduan, udako etenaldia egingo dute, abuztuaren bukaera aldera entseguen azken txanpari gogotsu ekiteko. Aiurri astekariak antzezle batzuen iritzia jaso du.

GALDERAK
1 Zein da zure papera obran? Nolakoa da zure pertsonaia?
2 Antzekigintzan, honen aurretik zer lan egin duzu? 
3 Nolakoa da talde giroa, nola doaz entseguak?
4 Zergatik ikusi behar da Gabon Txirrita?

Joxe Mari Agirre

  1. Sekundino naiz, lanbidez hargina, eta Txirritaren kapataza. Bere aurkako epaiketan fiskalaren aldeko lekukoa naiz. Txirrita ez dut gustuko, lanerako txarra, alferra, parrandazalea eta askotan istilu bila ibiltzen delako.
  2. Ez da lehenengo aldia, Urnietan azken urteetan egin diren antzerki herrikoi guztietan hartu baitut parte, Marizulo, Urnieta´59 eta 1936 antzerki lanetan, alegia. Aurretik ez nintzen inoiz antzerkigintzan aritu, baina, Marizulo lana prestatzen ari zirenean norbaitek baja eman zuen eta zuzendariak azken orduan eskaini zidan parte hartzeko aukera. Eta, egia esan, oso gustura ibili nintzen.
  3. Talde giroa aparta da, orain arte eszenaka egin ditugu entseguak eta horregatik ez ditut parte hartzaile guzti-guztiak ezagutzen. Testua ondo ikasita dugu eta orain eszenatokian gure lekua hartzen ari gara.
  4. Antzezlan atsegina delako, bere historia duelako, aspaldian Urnietako gazteek antzeztutakoa delako, Xabier Letek idatzia delako, Txirrita pertsonaia ospetsuaren bizi-pasadizo eta bertsoetan oinarrituta dagoelako.

Izaskun Labat

  1. Txirritaren arrebaren papera antzeztuko dut. Paper nahiko txikia da, baina esango nuke nire pertsonaiak ez duela anaiarekiko begirune handirik.
  2. Oso gustukoa dut antzerkigintza eta ahal izan dudan guztietan eman dut izena ikastaro edota klaseetan, batez ere, unibertsitate garaian. Hala ere, inoiz ez dut horrelako obra batean parte hartu.
  3. Egia esan duela gutxi hasi naiz entseatzen, lanagatik ezin izan dudalako lehenago hasi, baina, uste dut giro polita dagoela. Jendeak lan handia egin du, pertsonaia batzuk oso landuta daude, harrituta nago!
  4. Alde batetik, interesgarria iruditzen zait ikustea Txirrita eta garaiko bizimodua hobeto ezagutzeko, eta obra Xabier Letek idatzi zuela kontuan harturik, polita iruditzen zait bere bitartez ezagutzea. Bestalde, uste dut ikusleek oso ondo pasako dutela obrak momentu barregarri asko dituelako eta aktoreek oso ondo antzeztuko dutelako. 

Isidro Salinas

  1. Txirritaren aita naiz, eta oso haserretuta nago semearekin. Obran zehar ikusiko den moduan, arrazoi ugari ditut horretarako.
  2. Marizulo taldean hasi nintzen, eta geroztik Antzerki tailerrean eta Urnietan antzerkiari lotutako saltsa guztietan parte hartu izan dut.
  3. Oso giro ona dago gure artean, horregatik jarraitzen dut hemen. Entseguak oso ondo doaz, eta dagoeneko obrak oso itxura ona du.
  4. Obra oso polita delako. Xabier Letek idatzia denez eta Txirritaren bizitzan oinarrituta dagoenez iruditzen zait biei omenalditxoa egiteko modu ederra dela.

Uxue Mayoz

  1. Emakume alargun baten alaba naiz. Neska gazte bat naiz eta Txirritarekin ezkondu nahi naute, baina azkenean gauzak ez dira nire amak nahiko lukeen bezala gertatzen.
  2. Eskolan egin izan dut antzezlanen bat, baina, herri mailan ez naiz inoiz aritu. Beraz, lehenengoa izango da, dimentsio honetan, behintzat.
  3. Oso giro polita dago gure artean, eta egunak aurrera doazen heinean, geroz eta itxura hobeago du antzezlanak.
  4. Txirritaren bizimodua erabat xelebrea zen, eta gainera, antzerki moduan ere bere grazia badu. Beraz ikusteak merezi duela uste dut.

Jonmar Sarasua

  1. Nahiko paper laburra da nirea. Nire pertsonaiak sindikalista antzeko izaera du, eta Txirritaren aldeko lekukoa da.
  2. Obra honetan ari garen beste askoren antzera, nik ere, Marizulo, Urnieta´59 eta 1936 obretan parte hartu nuen.
  3. Ona. Martxotik orain arte eszenaka entseatzen aritu gara. Hemendik aurrera turboa jartzea egokitzen zaigu, asmoa, uztailaren 15erako obra ondo prestatuta uztea baita, irailaren lehen bi asteetan azken entseguak egin eta irailaren 10ean modu txukunean Donostian taularatzeko.
  4. Gure gertuko iraganeko hainbat bizipenetan oinarritako antzezlana izanik, gure historia pixka bat hobeto ezagutzeko aukera paregabea delako.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!