"Campeones vascos" deituriko serieko hirugarren elkarrizketa izan zen ordurako 75 urte beteak zituen Txirritarena. Aurreko eta ondorengo asteetan atal horretako elkarrizketetan atera ziren euskaldunak hauek izan ziren: Keixeta aizkolaria, Kortajarena harri jasotzailea, eta Patxi Bollos, Donostiako Antigua auzoko Istingorra elkarteko kidea, izenburuaren arabera, 236 kroketa jan ostean afaldu egin zuen gizona.
Elkarrizketan aipatzen da, Altzako Gazteluene baserrian bizi zen bertsolari handia, bi idik tiratako gurdi batean eramaten zutela batetik bestera. Gehienetan, sagardotegi edota tabernaren batera.
Poetei buruz galdetuta, Txirritak, hala dio: "Ez zait iruditzen bertsolari onak izango direnik aipatzen dizkidazun poeta horiek. Bertsoak kantatuta luzitzen baitu". Bere bizitzan zenbat bertso kantatu zuen ere argi uzten du Txirritak: "Errenteriako papeleran ere ez dago nik nire denboran kantatutako bertsoak idazteko adina paperik".
Pello Errota eta biek elkarri barkatu nahi ez, eta Andoainen egindako "bertso gaupasa" ere kontatzen du. "Erromeri arratsalde bat zen, taberna baten atarian topo egin genuen, ingurukoak zirikatzen hasi ziren, eta gu hasi ginen elkarren aurka bertsotan. Bere lagunek gogoz txalotzen zuten, berdin egiten zuten nire lagunek bertso bat amaitzen nuenero. Tabernariak afaria prestatu zigun, jaten genuen bitartean kantatzen jarraitu genuen, sagardorik ere ez zen falta, eztarriak ondo funtzionatzeko. Eta horrela jarraitu genuen gau osoan zehar. Tabernariak itxi eta plazan ia bakarrik geratu ginenean, agurrean, Pellok kantatu zidan, dagoeneko izarrak ere lotara joanak zirela. Erantzun nion, jarraitzeko prest nago, izarrak lotara joan eta oiloak jada kaletik badabiltza ere, baina eztarri lehorrak ez dit uzten".
Jose R.Ramosek aipatzen du garaiko bertsolarien bertsoak ez daudela inon idatzita, baina, entzuleek gogoratu eta buruz errepikatzen dituztela.
Errenteriako Zamalbide auzoko Bonatxo tabernan (Albaiteruena bezala ere ezaguna) gertatutako pasadizoa ere jasotzen du. Dirudienez, han zebilen Txirrita dantza eta salto eta halako batean txorkatila bihurritu zuen. Eta lagunek eraman behar izan zuten etxera, aidean hartuta. Gisa hartan ikusitakoan, honela galdetu zioten etxekoak: "Motel, zer egin dek? Zer pasa zaik? Eta Txirritak, bertso honekin erantzun zien:
Albaiteruen sala
demonio ortan,
demoniozko estropozo
bat egin nuen bertan.
Demoniuak emen,
demoniuak an,
demoniuak beti
gorputzaren bueltan,
demoniuak sasoi zeukaten
demoniuetan.
1936AN IRABAZI ZUEN BERTSOLARI TXAPELKETA
Txirritak irabazitako 1936ko bertsolari txapelketari aipamen labur bat egin ondoren, Pernando Amezketarraren aipamentxo batzuk egiten ditu, "El Quevedo vasco" bezala aipatu ere.
Txirritak bizitza lasaia izan zuela dio, "poeta baten bizitza, oihaneko poeta bat bada ere". Maioarazgo izateari ere uko egin ziola aipatzen du, ez zuela gogoko baserriko langintza eta nahiago izan zuela argintzan ikastea. Poltsikoan dirua zuenean ez zela agertzen, ez etxera, ezta lantegira ere.
Nolatan ez zen ezkondu, eta inoiz andregairik izan al zuen galderari, honela erantzun zion Txirritak: "behin izan nuen andregai bat, ordubete iraun zidan. Donostiako Loialako Txomin-eneako erromerian izan zen. Berarekin paseatzen nindoan, eta erroskila batzuk erosi nizkion. Gogoan ez dudan bertsolari batek erronka bat bota zidan, eta neska utzi eta bertsotara joan nintzen. Ez dakit zenbat luzatu zen bertso saioa, baina, berak soldadu batekin alde egin zuen, nire begiekin ikusi nituen nola zihoazen paseoan nik erositako erroskilak janez”.