Nire aipamenak izango dira beste larogei urtian

Erabiltzailearen aurpegia alba 2016ko eka. 1a, 02:00

2016ko ekainaren 3an 80 urte betetzen dira Joxe Manuel Lujanbio Retegi "Txirrita" bertsolaria hil zela, Altzako Gazteluene baserrian. "Nire aipamenak izango dira beste larogei urtian" esanda utzi zuen Txirritak eta urteurren horrekin bat eginez, Urnietako herritarrak Xabier Letek idatzitako "Gabon Txirrita" antzezlana prestazen ari dira irailean taularatzeko. Urnietan bertan, eta Donostian.

BERTSO SONATUA
“Gazte-gazterik asi nitzan da
orañdaño bitartian,
zenbait umore eder jarri det
Kantabria’ko partian;
pixka batian ez naiz aztuko
sartuagatik lur-pian,
nere aitamenak izango dira
beste larogei urtian”.
Txirrita

__

 Txirritaren ospeak Gipuzkoako mugak gainditu zituen eta XX. mendearen lehenbiziko herenean Euskal Herri osoan famatua egin zen. Mingain zorrotz eta bizkorreko bertsolaritzat nabarmendu zen, eta haren ateraldi umoretsuak askoren gogoan gorde dira. Gai sozialak lantzen diren bertsoetan garai hartako herri-klaseen pentsamolde eta sentimenen berri ematen da.

Joxe Manuel Lujanbio Retegi, 1860ko abuztuaren 14ko goizeko hiruretan jaio zen. Gurasoak, Bautista Lujanbio Ganborena hernaniarra, eta Juana Josefa Retegi Iraola oiartzuarra izan zituen. Aitaren aldeko aiton amonak, Pedro Lujanbio eta Paskuala Ganborena, biak hernaniarrak, eta amaren aldeko aiton-amonak, berriz, Inazio Retegi oiartzuarra eta Frantziska Iraola errenteriarra izan ziren.

Bere anaia-arrebak hauek izan ziren: Josefa Inazia (1858ko otsailaren 11ean jaioa), Migel Jose (1862ko abenduaren 23an jaioa), Juan Maria (1865ko abenduaren 4an jaioa), Maria Aszension (1867ko azaroaren 5ean jaioa), Juana Bautista (1870ko apirilaren 6an jaioa), eta azkenik, Isabel Bizenta (1872ko azaroaren 5ean jaioa).

Txirrita, Hernaniko Ereñotzu auzoan kokatuta zegoen Latze-zar baserrian jaio zen. Baserri hori, Hernanitik Goizuetara bidean, Urumea ibaiaren eskuinaldean, Benta-txuri, Pago-izarte eta Urdaburutik datorren eta Uxako-erreka deitzaion erreka baten ertzean kokatua zegoen.

Latze-zar baserrian hamairu urte arte bizi izan zen Txirrita. “Hijos de Jaime Puig, Destileria de leñas y fabrica de  productos químicos” fabrika zenak Latze-zar baserriko soro eta larreak hartu zituen, eta familia osoa Errenteriako Txirrita baserrira aldatu zen. Latze-zar baserriak denbora askoan oso-osorik iraun zuen, baina azkenean erori egin zen.

Antonio Zabalari kontatu ziotenez, Txirritarengana jende asko joaten omen zen norbaiten kontrako bertso-paperak jar zitzan eskatzera. Desamodio kontuak eta mota guztietako arrazoiengatik sortutako ezin ikusiak izaten ziren, besteak beste, bertso-sorta horietako gairik nagusienak.

Enkargatutako gaiaren gainean bertso-sorta bat buruz konposatzen zuen Txirritak eta bere ilobak paperean jarri, gero inprentara eraman eta azoka egunetan saltzeko. Bertso asko galdu ez izana Antonio Zabala bezalako bertso-paper biltzaileei zor diegu.

Eskola zaharreko bertsolari mutil zahar, parrandazale eta pikaroaren prototipoa bihurtu da Txirrita euskal iruditerian. Hargin ona izan arren, ez omen zitzaion lan egitea askorik gustatzen eta ahal zuen guztietan jai hartzen omen zuen tabernan edo sagardotegian edanean eta jokoan aritzeko. Eskolarik gabekoa zen; inprentako hizkiak irakurtzeko gai bazen ere, ez zekien idazten eta bertsoak ilobari diktatzen zizkion.

1935ean, lehenengo Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako txapeldun-orde izan zen, eta hurrengo urteko edizioan (1936ekoan) berak jantzi zuen txapela.

1936ko maiatzaren bukaera aldean Goizuetan izandako krisi baten ondorioz, 1936ko ekainaren 3an hil zen Altzako Gazteluene baserrian.

Bilbon, Hernanin eta Altzan bere izena daramaten kalean daude. Errenterian bada Txirrita-Maleo izeneko industrialde bat. Bere izena Txirrita eta Maleo baserrien artean egoteagatik datorkiona.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!